Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako finalistak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 22a

Heldu den igandean, Euskal Herriko hirugarren mailako azken kanporaketa jokatuko da Urrotzen

Floren Nazabal, Juan Jose Lopez, Mikel Mindegia, Donato Larretxea eta Antonio Senosiain izanen dira Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako protagonistak. Igande arratsaldean jokatu zen kanporaketa Uharte-Iruñean eta Floren Nazabal etxarriarrak lortu zuen denborarik onena. Hamar aizkolari aritu ziren lehian, hiru txandatan banatuta. Lehenbizikoan lau aritu ziren lanean:, Lopez, Larretxea, Vicente eta Jaunarena. Lopez izan zen azkarrena, 14 minutu eta 28 segunduko denborarekin, eta bistan da Lezaungoak oso bolada gozoan diharduela. Izan ere, Euskal Herriko Maila Nagusiko Txapelketako kanporaketan lan aipagarria egin zuen, hirugarren sailkatu zelarik. Donato Larretxeak 6 segundu gehiago behar izan zituen. Bigarren txandan, Rekondo, Mindegia eta Aitor Senosiain lehiatu ziren, eta Mindegia izan zen azkarrena, 14 minutu eta 32 segunduko denborarekin. Beraz, Lopezek baino lau segundu gehiago eta Donatok baino 2 guttiago behar izan zituen Ezkurrako aizkolari beteranoak. Hirugarren txandan ere, hiru aizkolari aritu ziren lanean; Nazabal, Antonio Senosiain eta Barberena; Nazabal izan zen onena, eta baita kanporaketakoa ere. 13 minutu terdi behar izan zituen Etxarrikoak, bigarren sailkatuak baino kasik minutu bat guttiago. Bosna pago-enbor ebaki zituzten hamar aizkolariek: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Gainera, 57 segundoan hobetu zuen iazko marka Nazabalek.

Rekondo eta Vicente bigarren mailara

Finalerako sailkatuei dagokienez, iaz Barberena sailkatu zen, baina aurten Antonio Senosiainek hartuko du bere lekua. Izan ere, iaz Barberena bosgarren sailkatu zen eta Senosiain seigarren; gaur alderantziz. Bertzalde, aurtengo sailkatu guztiek hobetu egin dute iazko denbora. Aipagarria izan da Antonio Jaunarena zubietarra, iaz bigarren mailakoan ateri eta irabazi ondotik, berriro aritu delako lehen mailako txapelketan, eta eutsi egin diolako mailari. Aldiz, Jon Rekondo leitzarrak eta Daniel Vicentek galdu egin dute Nafarroako Maila Nagusia.

Sailkapena

Honelaxe gelditu zen sailkapena:
1. Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz): 13:30
2. Juan Jose Lopez (Lezaun): 14:28
3. Miel Mindegia (Ezkurra): 14:32
4. Donato Larretxea (Arantza): 14:34
5. Antonio Senosiain (Olagüe): 16:01
6. Joxejuan Barberena (Beruete):16:18
7. Aitor Senosiain (Olagüe): 16:58
8. Antonio Jaunarena (Zubieta): 17:15
9. Jon Rekondo (Leitza): 17:27
10. Daniel Vicente (Otsagi): 17:58

Finala urriaren 5ean jokatuko da, eguerdiko 12etan jokatuko da Etxarri-Aranatzen.

EUSKAL HERRIKO 3. MAILAKO AZKEN KANPORAKETA IGANDEAN URROTZEN

Igande honetan, irailaren 28an, eguerdik o12etan jokatuko da Urrotzen Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketako hirugarren eta hondar kanporaketa. Eskualdeko ordezkarien artean, Raul Castro urroztarrak etxean jokatuko du eta berekin batera, Xabier Ariztegi etxalartarra, Patzi Mindegia zubietarra eta Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberria ariko dira. Esteban Pikabea eta Juanjo Erdozia izanen dira bertze bi ordezkari nafarrak. Bizkaiako Unai Aldape, Arabako Juan Carlos Perez de Onraita eta Arkaitz Jauregi eta Gipuzkoako Xabier Dorronsoro, Mikel Matxinandiarena eta Jexux Oiarbide ere lehiatuko dira finalerako azken bi txartelen bila. Launa kanaerdiko moztu beharko dituzte partehartzaileek.

Finala urriaren 19an Altsasun

Gorritin eta Lantzen jokatutako kanporaketa saioetatik urriaren 19an Altsasun jokatuko den finalerako bertze lau aizkolari sailkatu dira dagoeneko: Gorritin Ander Erasun aurtiztarra eta Asier Pellejero aresoarra sailkatu ziren; Lantzen, Aitzol Atutxa bizkaitarra eta Aratz Mugertza gipuzkoarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun