N-121A errepideko lanek errepide mozketak eraginen dituzte aste honetan ere

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 22a

Berrizaunen, Endarlatsan eta Etxalar inguruetan

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, irailaren 22tik 28rako aste honetan ere zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.

Endarlatsa inguruan

Endarlatsa inguruan, Gipuzkoako aldean, errepidea erabat moztu zen astelehen eguerdian, ordu erdi batez, 12:00etatik 12:30era, 72garren kilometro inguruan. Asteartean, irailaren 23an, eguerdiko 12:00etatik ordubietara, bi orduz moztuko da Nafarroa aldean, 67garren kilometroaren inguruan. Asteazkenean, irailaren 24an, berriz ere Gipuzkoako 72. Kilometro inguruan eginen da leherketa eta bi orduz itxiko da errepidea, 12:00etatik 14:00etara. Ortziralean, irailaren 26an, Nafarroa aldeko 68garren kilometro inguruan eginen da leherketa eta bi orduz erabat itxiko da errepidea, eguerdiko 12:00etatik ordubietara.

Bera-Etxalar zatian

Bera-Etxalar zatian, bortz minutuz erabat itxi dute errepidea astelehenean eta bertze horrenbertze eginen dute asteazkenean, irailaren 24ean, 13:00etatik 13:05era.

Berrizaun inguruan

Berrizaun inguruan, azkenik, ordu erdi batez erabat moztuko da errepidea asteartean eta ortzegunean, irailaren 23an eta 25ean, eguerdiko 12:00etatik 12:30era.

Txandakako pasabidea

Egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun