Igande honetan, irailaren 21ean, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak, Kofradien hamabosgarren egun handia antolatu du. 1994. urtean lehen edizioa antolatu zuenetik urtero-urtero antolatu du ekitaldia Elgorriagako Kofradiak.
Ekitaldi ugari
Igandeko egitarauari dagokionez, goizeko 11:00etan ekitaldira gonbidatutako Kofradiei ongietorria eskainiko zaie. Segidan, Mikel Mindegia aizkora saioa eskainiko du. Eguerdiko 12:00etan Toka-Onddo jokuan aritzeko modua izanen da eta segidan, Doneztebeko Mendi Abesbatzak emanaldia eskainiko du. Salvador Arozarena Memorialean, onddoak prestatuko dituzte kofradiako kideek lehiaketan eta gero, onddo eta Nafarroako produktuen dastatzea izanen da.
Urriaren 4 eta 5ean segida
Kofradien Eguna, Malerrekako herri horretan antolatu duten Hilabete Mikologikoaren barrenean kokatua dago. Urriaren 4 eta 5eko asteburuan bertze ekitaldiak ere izanen dira, jende guziari irekiak. Igande horretan, urriarne 5ean, Juanito Mariezkurrena Memoriala ere eginen da.