Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa igandean jokatuko da

Goizalde URDANPILLETA 2008ko irailaren 19a

Talita Daiana atezain brasildarra fitxatu du Lindutx Baztan BKT eskubaloi taldeak. Argazkian, Daiana ageri da Belen Urrutia BKTko presidentearekin batera. TTIPI TTAPA

Lesakako Mendi Bizikleta ibilaldia da igandeko bertze kirol ekitaldi aipagarria

Igande honetan, irailaren 21ean, Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatuko da Uharte-Iruñeako Toki-Alai frontoian, arratsaldeko 17:30ean. Kanporaketa honetan hamar aizkolarik hartuko dute parte: Ezkurrako Mikel Mindegiak, Arantzako Donato Larretxeak, Leitzako Jon Rekondok, Zubietako Antonio Jaunarenak, Etxari Aranazko Floren Nazabalek, Lezaungo Juan Jose Lopezek, Otsagiko Daniel Vicentek, Berueteko Jose Juan Barberenak eta Olaguego Antonio eta Aitor Senosiain anaiek.
Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko ditu. Lehen bortz sailkatuek, urriaren 5ean eguerdian Etxarri Aranatzen jokatuko den finalerako txartela lortuko dute eta azken bi sailkatuek, aldiz, maila galduko dute.

Lesakako Mendi Bizikleta Ibilaldia ere igandean

Igande honetan, irailaren 21ean, Beti Gaztek antolatutako Lesakako mendi bizikleta ibilaldia eginen da. Parte-hartzaileek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, 25 eta 36 kilometrokoak eta antolatzaileek ez dela konpetitiboa gogorarazi nahi dute.
Ibilbide luzeenean, 70 metroko altueran dagoen Lesakako plazatik abiatuta, Txakainen barna 400 metroko altueran dagoen Sastrinera igoko dira, handik 800 metrora dagoen Errengara igoko dira. Ikatzulora jautsi ondotik, Agiñara igoko dira eta Gardelko bagoetatik eta Nabaz barna, berriz ere plazara jautsiko dira. Ibilbide laburra aukeratzen dutenek, Zumarrara ailegatzen direnean, Ikatzulora zuzenean joko dute, Errengako igoera alde batera utzita eta hortik aitzinera, luzearen ibilbide bera izanen dute.
Irteera goizeko 10:00etan izanen da eta 8:00etatik 9:30era izen emateko modua izanen da. 10 euro ordaindu beharko dute partehartzaileek eta Beti Gazteko bazkideek 8 euro. Antolatzaileek aipatu dutenez, proba ez da lehiakorra izanen eta jan-edatekoak izanen dira ibilbidean eta pintxoak proba akautzean.
XXI. Mendean Beti Gazte elkarteak antolatzen duen lehen mendi bizikleta ibilaldia izanen da igandekoa. 1990. hamarkadan antolatu zituen zenbait edizio, baina horietako batean izandako istripu baten ondorioz, ez antolatzea erabaki zuen Lesakako elkarterik handienak. Orain, txirrindularitza atalean dauden juntakideek lana gogotik egin dute igandeko ibilaldia arrakastatsua izan dadin.

Futbol partidak

Joan den astean hasi zen denboraldia eskualdeko zenbait futbol talderentzat eta aste honetan bertze batzuk ere hasiko dute beraien ibilbidea, Doneztebe Futbol talde nagusiak tartean. Hauek izanen dira asteburuko seinalamenduak:

FUTBOLA

Nafarroako Preferente Mailan
San Cristobal – Baztan, larunbat arratsaldeko 16:30ean Berriozarren.
Aurrera – C.D. Pamplona, igande arratsaldeko 17:30ean Arkiskilen.

Nafarroako Erregionaleko lehen mailan
Infanzones – Doneztebe, igande arratsaldeko 17:30ean Obanosen.

Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan
Behobia - Beti Gazte, Irungo Bentako Ugalde zelaian, igande arratsaldeko 15:30ean.

Gipuzkoako Eregionaleko 2. Mailan
Oiartzun B - Gure Txokoa, larunbat arratsaldeko 15:30ean Ugaldetxon.

Gipuzkoako jubenilen ohorezko mailan
Beti Gazte – Euskalduna, larunbat arratsaldeko 15:30ean Mastegin.

Gipuzkoako jubenilen lehen mailan
Gure Txokoa – Dunboa Eguzki, igande arratsaldeko 16:30ean Matzadan.

Nafarroako jubenilen 2. Mailan
Alsasua – Aurrera, larunbat arratsaldeko 17:30ean Altsasun.
Baztan atsedena.

Gipuzkoako kadeteen lehen mailan
Hondarribia - Beti Gazte, larunbat goizeko 11:30ean Hondarribiako Ondartzan.
Gure Txokoa – Behobia, larunbat arratsaldeko 17:00etan Matzadan.

Gipuzkoako infantilen lehen mailan
Mariño - Gure Txokoa, igande goizeko 11:00etan irungo Bentako Ugalde zelaian.

Gipuzkoako Emakumeen Ligan
Beti Gazte – Mariño, larunbat arratsaldeko 17:30ean Mastegin.

BKT eskubaloi taldeak atezain brasildarra fitxatu du

Ortzegunean, irailaren 18an Lindutx Baztan BKT eta Talita Daiana jokalariaren arteko kontratuaren sinadura egin zen Elbeteko Posadan. Ekitaldian jokalaria berak eta Lindutx Baztan BKT taldeko lehendakaria den Belen Urrutiak parte hartu zuten. Talita Daiana 1985. urteko urtarrilaren 26an jaio zen Brasilgo Sao Paulo hiri ondoko Mirasol herrian, beraz, 23 urte besterik ez ditu. 171 zentimetroko garaiera du eta 65 kiloko pisua. Hainbat taldetako jokalaria izan da Talita. Lehenik Brasilgo Esporte Guarulhos taldean jokatu zuen eta ondotik Espainiako Ohorezko Mailan ari den Santanderko Marina Parken aritu zen denboraldi bat eta erdiz. Nazioarteko jokalaria izan da oinarrizko mailetan, baita juniorretan. Talita Daiana taldeko atezaina da eta zehazki, aurten Lindutx Baztan BKT taldeak eginen duen fitxaketa bakarra, lehen mailako atezainik ez zuelako. Beste gainerako postu guztiak bertako eta bertzelako kategorietako jokalariekin osatu ditu Lindutx Baztan BKT taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun