Leitzako Aurrera Pilota Eskolak laugarren aldiz antolatutako pilota txapelketaren finalak igande honetan, irailaren 21ean, jokatuko dira Amazabal pilotalekuan, goizeko 10:00etatik aitzinera. Lehenik, alebin mailan, Gartziarena eta Iribarria, Sagastibeltza eta Bakaikoaren kontra ariko dira. Infantil mailan, Olano eta Artolak, Elezkano eta Hennadorena izanen dituzte arerio. Kadete mailan, Arrieta eta Jauregi alde batetik eta Tainta eta Arratibel bestetik, ariko dira nor baino nor. Jubenil mailan, Jaunarena eta Zabaleta eta Ansotegi eta Albisuren arteko norgehiagoka izanen da eta azken finala, nagusien mailakoa, Urtasun eta Jauregik, Renobales eta Madariagaren kontra jokatuko dute.
Doneztebeko pilotalekua moldatzen
Denboraldi berriari ekin dio Doneztebeko Erreka pilota elkarteak. Pilotariak ez ezik, pilotalekua ere albiste da. Izan ere, udal pilotalekuan obretan daude. Alde batetik, ezker pareta moldatzen ari dira eta frontoiaren luzera aprobetxatzeko, errebotean sei koadroko bertze frontoi ttiki bat antolatzen ari dira. Patxi Ordoki, Errekako pilota saileko arduradunak aipatu digunez, partida aunitz dauden egunetan, ttikienak aritzeko ongi etorriko da erreboteko pilotaplaza hori.
Errotxapeako txapelketan ongi
Pilotariei dagokienez, Errotxapeako txapelketan, senior lehen mailako bi partida jokatu dituzte Errekako ordezkariek. Saldiasko Garikoitz Juaneneak eta Arantzako Joseba Madariagak 22 eta 17 irabazi zieten Zugarraldeko Txorraut eta Landiribarri. Imanol Mitxelena aranztarrak eta Xabi Madariaga urroztarrak, berriz, 22 eta 17 irabazi zieten Paz Zigandako Vidan eta Iriarte leitzarrari.
Nafarroako buruz buruko txapelketa
Nafarroako buruz buruko pilota txapelketan ere hasiak dira Errekako pilotariak. Kadete mailan, lehen fasean, Mikel Maia lesakarrak 18 eta 8 irabazi zion Txarutako Agesta almandoztarrari. Bigarren fasea ere gainditu zuen Maiak: 18 eta 13 irabazi zion irailaren 13an Lodosan San Francisco taldeko Lunbrerasi. Orain, hirugarren faseko partida jokatuko du larunbatean, irailaren 20an, Labriten, Arbizuko Aldabideko Agirreren kontra. Irail Zestau doneztebarrak ere bere kanporaketa gainditu zuen, baina partidarik jokatu gabe, Sutegiko Gastamintza ez baitzen aurkeztu.
Jubenil mailan ere
Jubenil mailan ere Nafarroako buruz buruko txapelketa jokoan da. Olaztik, irailaren 14an, galdu egin zuten Errekako bi ordezkariek. Carrion lesakarrak 6 eta 18 galdu zuen Sutegiko Arañaren kontra eta Bendoirok ere 6 eta 18 galdu zuen Sutegiko Etxeberriaren kontra. Labriten aldiz, albiste onak izan ziren. Erreka Imanol Juaneneak aitzinera egin zuen, Zugarraldeko Etxamendi ez baitzen aurkeztu. Ekaitzako Unai Iparragirrek 18 eta 1 irabazi zion Zugastiri. Irurtzunen, Mikel Kanpo iturendarrak 18 eta 9 irabazi zion Irurtzungo Loidiri Arbizun, azkenik, Errekako Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 7 irabazi zion Bi Aizpeko Arrokiri.