Doneztebeko Udalak Gazte Burrunba Kultur Taldearen eta herriko ostatuen laguntzarekin antolatuta, ortziral honetan, hilak 19, hasi eta igandean, irailak 21, akituko dira Besta Ttikiak.
Ortziralean txupinazoa
Ortziralean, 20:00etan botako duten altxaferoarekin hasiko dira bestak. Txupinazoa botatzeaz, hainbertze txapel irabaziak dituen laxoa taldea arduratuko da. Hain zuzen, aurtengoamn hamabosgarren txapela jantzi du Doneztebeko laxoa taldeak. Ondotik Bear Zana txarangarekin kalejira ibiliko da karrikaz karrika. Afaltzeko tenorean, zopa jatea eginen da jatetxeetan. Gauerdian, 01:00etatik 04:30era dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin Santa Luzia Plazan. Goizaldeko 06:30ean, berriz, zingar jatea Merkatu Plazan.
Paella lehiaketa eta herri bazkaria
Larunbatean, 09:00etan diana izanen da Bear Zana txarangarekin. 11:00etan Gorriti eta bere animalien ikuskizuna. 13:00etan egitarauan hutsik egiten ez duen paella lehiaketa eginen da eta ondotik herri bazkaria. Arratsaldean, 17:00etatik aitzinera, txiste eta joku txapelketa eginen da eta ondotik triki poteoa. Gauez, 20:00etatik 22:00etara eta goizaldeko 01:00etatik 04:30era dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin Santa Luzia Plazan. 21:00etatik 22:00etara dantza lehiaketa ere eginen da.
Igandean haurrendako dantzaldia
Igandean, Doneztebeko besta ttikiak akitzeko, 17:00etan haurrentzako dantzaldia, Hoy fiesta taldearekin. Dudarik gabe, herritar guziek parte hartzeko moduko egitaraua antolatu dute aurten ere.