Nafarroako Adopzio Familien Elkarteak argazki erakusketa zabaldu du Donezteben

Utzitako argazkiak 2008ko irailaren 17a

Doneztebeko Alhondigan ikusgai dauden argazkietako bat. TTIPI TTAPA

Alhondigan izanen da ikusgai, irailaren 23ra arte

Nafarroako Adopzio Familien Elkarteak eta Doneztebeko Udalak antolatutako “Beraien begiraden mundua” argazki erakusketa zabalik dago irailaren 16tik 23ra Doneztebeko Alhondiga erakusketa aretoan. Erakusketa arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara irekiko da egunero, baina igandean itxia egonen da.

Irailaren 25etik urriaren 2ra Elizondon

Irailaren 25etik urriaren 2ra, berriz, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko lehen solairura eramanen dute erakusketa hau, Baztango Udalaren laguntzarekin. Elizondon egunero irekiko da erakusketa, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era eta han ere igandean itxiko dute.
Nafarroako Adopzio Familien Elkartetik jakinarazi dutenez, gero Bera edota Lesakara eraman nahi lukete erakusketa.

2004an sortutako elkartea

Nafarroako Adopzio Familien Elkartea (AFADENA) 2004ko martxoan sortu zen, adopzioaren aitzinetik nahiz ondotik sortzen ahal diren arazoetan familiei laguntzeko. Azken finean, elkartearen helburua haurrak zoriontsu izatea da, modu horretan familiak ere zoriontsu izanen direlakoan. 2005ean hamar familia ziren elkarteko bazkide, 2006an hogei eta 2007an berrogei. Urtero-urtero kopurua bikoizten dela kontuan hartuz, 2008 urte akabailan laurogei familietara ailegatzea espero dute.. Urtero familien arteko topaketak eta bertzelako ateraldiak egiten dituzte. Topaketa horietako bat Bertizen egin zuten 2006ko ekainean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun