Nafarroak bortzgarren urtez segidan irabazi zuen larunbatean, irailaren 13an, Donostian, Zazpi Herrialdeen arteko herri-kirol txapelketa. Nafarroako taldea zen faboritoa eta seigarrenez erdietsi zuen txapelketa, alde haundiz, gainera, 62 puntu lortuta. Bigarren Gipuzkoako taldea izan zen (53 puntu), eta Bizkaikoa hirugarren (49 puntu). Lapurdi laugarren sailkatu zen (37 puntu), bortzgarren Araba (33 puntu), seigarren Zuberoa (22 puntu) eta Nafarroa Beherea zazpigarren (21 puntu).
Txapelketaren hogeigarren aldia izan zen Donostiakoa, eta 150 kirolarik hartu zuten parte hamar kirol ezberdinetan: sokatira, koxkor biltzea, txinga eramatea, zaku-eramate lasterketa, harri-jasotzea, ingude-altxatzea, lasto-altxatzea, orga jokoa, arpana eta aizkora. Nafarroako taldeari dagokionean, eskualdeko ordezkaritza zabala izan zen.
Unai Bertiz sunbildarra harri jasotzen eta Iñaki Bereau igantziarra lasto altxatzen garaile
Harri-jasotzen, Unai Bertiz sunbildarrak ordezkatu zuen Nafarroa eta 33 jasoaldi egin ondotik modalitate honetan irabazle atera zen. Ostolatza gipuzkoarrak ere altxaldi kopuru bera egin zuen, baina horrelakoetan bi kirolarietan guttien pisatzen duenak irabazten du eta Bertizek eraman zuen garaipena. 100 kiloko harriari bi minutuko denboran ahalik eta jasoaldi gehien eman behar izan zizkion. Lasto-altxatzen ere eskualdeko bat aritu zen Nafarroako taldean eta garaipena lortu zuen gainera. Iñaki Bereau igantziarrak 21 jasoaldi egin zizkion 45 kiloko fardoari, bi minutuko tartean.
Bigarren eta hirugarren postuak
Txinga- eramate proban leitzar bat aritu zen Nafarroako taldean: Miel Angel Sukuntza. Nafarroa mailan txapelduna dena hirugarren gelditu zen Araba eta Gipuzkoaren ondotik. Guztira 17 plaza eta 22,54 metro egin zituen. 50 kiloko bi txingekin ahalik eta metro gehien egitea zen euren eginbeharra.
Ingude-jasotze proban Josetxo Urrutia leitzarrak ordezkatu zuen Nafarroako taldea eta 18 kiloko ingudeari 87 altxaldi eman zizkion minutu eta erdian. Sailkapen nagusian bigarren gelditu zen.
Gurdiarekin, berriz, Joseba Petrirena beratarra aritu zen Nafarroarekin. 350 kiloko gurdia hartu eta zeinek bira gehien ematea zen kirolarien lana. Beratarrak hiru bira, 10 laurden eta 1,50 metro egin zituen eta sailkapenean hirugarren gelditu zen.
Sokatiran, Nafarroako taldean Amaiur taldeko tiratzaileak aritu ziren. Eta sailkapen nagusian hirugarren gelditu ziren, nagusitasunez aritu zen Bizkaia eta ederki moldatu zen Lapurdiko taldearen gibeletik.
Koxkor biltzen, zaku lasterketan eta aizkoran ere Nafarroa garaile
Gainerakoan, aipatu, koxkor biltzen Nafarroa izan zela bizkorrena; ingude altxatze proba Bizkaiak irabazi zuen; lasto eta harri-altxatzen Nafarroa atera zen garaile; txingak garraiatzen Araba izan zen hoberena; gurdiarekin Zuberoa; zakuarekin Nafarroa; arpanarekin Gipuzkoa; aizkorarekin Nafarroa eta sokatiran, azkenik, Bizkaia. Honek tiraldi guztiak bereganatu zituen. Hogeigarren edizioa Donostian jokatuta, heldu den urtean Nafarroak hartuko du Zazpi Herrialdeen arteko txapelketaren lekukoa.