Oihan Larretxea beratarrak marka guztiak hobetu eta bereganatu egin du Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketa. Irailaren 7an jokatu zen finala Oitzen, eta beratarrak jaun eta jabe dela erakutsi zuen. Txapela janzteaz gain, III. mailako marka hobetu zuen Larretxeak; iaz Ander Erasunek 8:39ko denbora eginez ezarritako marka bi minututan hobetu zuen. Finalean aritu ziren bertze bortz aizkolariek ere hobetu zuten iazko marka.
Aizkolari bakoitzak lau enbor ebaki behar izan zituzten: bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako eta beratarrak 6:39ko denbora egin zuen. Bigarren sailkatu zen Patxi Mindegia zubietarrak 7:01eko denbora egin zuen. Raul Kastro urroztarrak 7:28an akitu zituen lanak; Ruben Saralegi (Iruñea) laugarren gelditu zen 7:52ko denbora eginez eta Berriozarko Julen Kañamaresek 8:30ean ebaki zituen enborrak.
Lehen bi sailkatuak, Larretxea eta Mindegia, bigarren mailan ariko dira heldu den urtean.