Aurtengo txapelduna etxeko taldea da, Berako Gure Txokoa, alegia. Abuztuaren 30ean Jon Irazoki zenaren omenez jokatu zen XIII. memorialean bera izan zen nagusi. Matzada futbol-zelaian jokatu zen partida, eta eskualdeko talde nagusietako hiru aritu ziren: Baztan; Doneztebe eta Gure Txokoa.
Lehenbiziko partidan Doneztebe eta Gure Txokoa aritu ziren lehian, eta Malerrekakoek 1 eta 0 irabazi zuten; bigarren partida Doneztebe eta Baztanek jokatu zuten eta honetan Baztan aldera joan zen garaipena, 0 eta 1. Arratsaldeko azken partida Gure Txokoak eta Baztanek jokatu zuten, eta honetan, beratarrentzat izan zen garaipena, 1 eta 0eko markagailuarekin. Beraz, talde bakoitzak partida bana irabazita, penalti bidez erabaki behar izan zuten garailea.
Penaltietan Gure Txokoak asmatu zuen, eta garaipena berak eskuratu zuen; bigarrenak Doneztebe taldekoak gelditu ziren eta Baztan hirugarren sailkatu zen.
Partida entretenigarriak jokatu zituzten, eta denboraldi hasiera izaki, jokalariak %100ean ez zeudela ikusi zen. Partidaren ondotik sariak banatu zituzten, eta segidan luntxa izan zuten Gure Txokoa Elkartean.