Zubiberri aldean diren bi errotak erosi eta osoki botako ditu herriak. Choin anderearen errota erosi du jadanik Herriko Etxeak baina zailtasun gehiago dute Darguy jaunaren errota erosteko. Jabeak bertze norbaiti alokatzen dio etxea eta ezin dute gaztea kanporat eraman. Darguyren errota 1756 urtekoa da eta Choinena 1804koa. Senpereko leku paregabeak dira, baina andere auzapezak dio, osoki desegin behar direla Luberriako urtegia beteko delarik urak estaliko baititu bi etxe hauek. Bessonartek ez du arriskurik hartu nahi uste baitu norbait egonen dela beti errotan ez badira botatzen. Auzapezak hitz eman du harri eta zati baliosenak atxikiko dituztela ondarea zaintzen duten adituen laguntza izanen baitu herriak errotak botatzeko. Argazkian Choinen errota ageri da.