9.000 euro aurreztu dituzte Bertizen biomasa erabilita

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 15a

Eraikinak berotzeko, gasoilaren ordez pelleta erabilita 9.000 euro aurreztea lortu dute Bertizko Natur Parkean. Urtean guztira 30 tona erabili dituzte eta horrek 6.000 euroko gastua eragin die. Gasoilak, aldiz, 15.000 euroko gastua izanen luke. Pelletak zerrautsa trinkotuz egindako pastillak dira eta hondakin horietatik uste baino energia gehiago atera daiteke. Gaur egun, basogintzako eta nekazaritzako hondakinak erregai moduan erabiltzen dira eta Bertizen ere hala egin dute. Ur beroa eta bero-instalazioa basoko biomasaren bitartez lortzen dute. Oraindik Natur Parke guztian berokuntza sistema hau erabiltzen ez badute ere, kasu gehienetan bai: Balangondoa Etxea, Etxeberria Etxea, Txabola eta Turismo Bulegoan, hain zuzen. 160 kwko biomasa-galdara dute Bertizko Natur Parkean eta horrekin 1.039 metro koadro berotzen dira. Proiektuaren kostea 140.000 eurokoa izan zen, eta horren barne sartu zituzten egin beharreko instalazio guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun