Migel Mari Urrutia saldiastarra da buruz buruko Casino Kursaal Torneoko txapeldun berria. Irailaren 6an Zeberio II.aren kontra jokatutako finalean ezustea eman eta 29 eta 35 irabazi zuen. Binaka aspaldian goi mailako erremontelaria dela erakutsia du Saldiasko atzelariak, baina txapel honekin buruz buru ere onenen artean dagoela berretsi zuen, Ezkurra, Lizaso edo Zeberio II.aren parean. Finalaurreko ligaxkan Zeberiok 35-19 irabazi zion Urrutiari, eta gipuzkoarra zen faborito argia. Baina, pronostiko guziak hautsi, eta Urrutia erremonteko haundienen artean sartu da.