ttipi-ttapa Azken urte erdiko beheitiko joera galdu eta eskualdean langabeziak %5,68 goiti egin du eskualdean abuztuan. Zehazki, abuztu hondarrean 595 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, uztail hondarrean baino 32 gehiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 366 kontratu egin ziren abuztuan, uztailean egin zirenen erdia baino guttiago, eta horietatik 45 bakarrik izan ziren mugagabekoak. Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak. 321 dira langabezian daudenak eskualdean, uztailean baino 11 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere nabarmen goiti egin du langabeziak, 216 gizon baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 21 gehiago. 25 urtez beheitikoen artean, uztaileko langabetu kopuru berdinak mantendu dira abuztuan. Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 361 langabeturekin, uztailean baino 17 gehiago. Nekazaritza da langabeziak beheiti egin duen lan arloa.