Eskualdeko zenbait futbol taldek ekin diote denboraldi berriari

Aitor AROTZENA 2008ko irailaren 15a

Baztan Futbol Taldeak Lesakako Mastegi zelaian jokatu zuen denboraldiko lehen partida. TTIPI TTAPA

Aurrera, Beti Gazte eta Gure Txokoako talde nagusiek irabazi egin dute lehen partida, Baztanek berdindu

Eskualdeko futbol talde batzuk 2008-2009 denboraldiari ekin diote aste hondar honetan. Gizonezkoen talde nagusien artean, Nafarroako Erregionaleko lehen mailan ariko den Doneztebe izan da hasi ez den bakarra. Nafarroako Preferenterako itzuleran, Baztan futbol taldeak bana berdindu zuen igande arratsaldean Antsoaingo Gazte Berriak taldearen kontra jokatutako partida. Irudietan ageri den bezala, denboraldiko lehen partida hori Lesakako Mastegi futbol zelaian jokatu zuen. Izan ere, Elizondoko Giltxaurdi zelaian lanean ari dira eta belar naturala kendu eta belar artifiziala paratuko dute. Horregatik, lanak akautu artean, seguruenik urte hondarrera arte, etxeko partidak Lesakan jokatuko ditu Baztanek. Beraz, igandean ator berdeaz eta galtza txuriz ari zen taldea ez zen etxeko Beti Gazte taldea, kanpoko Gazte Berriak baizik. Eta etxeko taldea, gorriz jantzitako Baztan. Ikusleen artean ere denetik bazegoen: Baztango jarraitzailerik finenekin batera, igande arratsalde pasa Mastegira hurbildutako lesakarrak ere baziren.

Banako berdinketa

Igandeko lehen partidan, Josema Osakar entrenatzaileak honako hamekakoa zelairatu zuen: Jaimerena atepean; Xabier Goñi, Garmendia, Moreno eta Irigoien gibelean; Barberena, Sansiñena, Urtizberea, San Jose eta Mitxeltorena zelai erdian eta Mota aitzinean. Bigarren zatian Lizartza, Irureta, Arraztoa eta Imanol Goñi ere zelairatu ziren. Lehenbiziko zati berdindua izan zen, gol aukera handiegirik gabe. Gazte Berriak taldekoek hobekixiago hartu zuten lekua eta zelai erdian gehiago dominatu zuten, baina ez zuten aparteko arriskurik sortu baztandarren atean. Honela, hasierako emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian aitzinetik jarri ziren markagailuan Antsoaingoak, baina partida akautzeko minutu eskas falta zela, Motak egin zuen berdinketaren gola.

Aurrerak, Beti Gaztek eta Gure Txokoak garaipena

Nafarroako Preferenten ari den eskualdeko bertze ordezkariak, Leitzako Aurrerak etxetik kanpo 0 eta 1 irabazi zion San Jorge taldeari, hirugarren minutuan Antonek lortutako golari esker.
Bortzirietako taldeei dagokienez, Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan ari den Lesakako Beti Gaztek 2 eta 1 irabazi zion Muniberi larunbatean Mastegin, Kotte Iantzi entrenatzaile berriaren estraineko partidan. Beñat Maiak eta Jon Otxotekok egin zituzten etxekoen golak. Berako Gure Txokoak ere, Erregionaleko bigarren mailan, garaipenarekin hasi zuen denboraldia, 4 eta 2 irabazi baitzion Matzadan Mariñori. Jon Mikel Matxiarenak bi gol egin zituen eta Alain Morcillok eta Aritz Arbelaitzek bana.

EMAITZA GUZIAK

Baztan 1 (Mota) – Gazte Berriak 1.
San Jorge 0 – Aurrera 1 (Anton).

Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan
Beti Gazte 2 (Beñat Maia, Jon Otxoteko)– Munibe 1.

Erregionaleko 2. Mailan
Gure Txokoa 4 (Jon Mikel Matxiarenak 2, Alain Morcillo eta Aritz Arbelaitz) – Mariño 2.

Gipuzkoako jubenilen ohorezko mailan
Billabona 5 – Beti Gazte 1 (Igor Gurrutxaga).

Gipuzkoako jubenilen lehen mailan
Oiartzun B 3 – Gure Txokoa 3 (Andoni Riopedrek 2, Mikel Agara).

Gipuzkoako kadeteen lehen mailan
Beti Gazte 1 (Dani Quesada) – Gure Txokoa 2 (Mikel Aldazabal eta Fernando Iturria).

Gipuzkoako infantilen lehen mailan
Gure Txokoa 1 (Ander Navas)– Oiartzun 6.

Gipuzkoako Emakumeen Ligan
Real Union 6 – Beti Gazte 1 (Erika Txoperena).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun