52 joaldun eta hainbat jende bildu zen 25. Joaldunen Egunean

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 16a

Joaldunek egun ederra pasatu zuten larunbatean. TTIPI TTAPA

Arroseneko Periko omendu zuten

Pasa den larunbatean, irailaren 13an, Joaldunen Eguna ospatu zen Iturenen. Duela 25 urte, 1983an ospatu zen lehen aldiz joaldunen eguna eta gehienbat joaldun zaharrak omentzeko asmoz sortu zen. Larunbat goizean joaldun guztiak elkartu ziren, adinekoak eta baita gazteak ere. Joaldun gazteenak 11 urte zituen eta adinekoenak, 73. Aurten sekula baino gazte gehiago elkartu direnez, bi taldetan banatzea erabaki zuten. Denetara 36 joaldun gazte zirenez, 18 eta 18 joan ziren baserrietara, batzuk Sotilenea eta Xunbilenera eta beste batzuk Amairun borda eta Altxuneko bordara. Azkenean denak Zubialdeko bordan bildu ziren gosari eder baten inguruan. Hala ere, erran beharra dago hurbiltzen diren baserri guztietan jatekoa eta edatekoa hartzen dutela eta joareak astintzeko indar eta gogoz ekiteko indarra ez zitzaiela falta izan. Gainera joaldunek ez zuten musika falta izan, herriko trikitilariak lagun izan bai zituzten. Multzo ederra osatzen dute eta aurten hauek ere bi taldetan banatu ziren, 8 eta 8.

Adinekoak ere

Bederatzi bikoteko bi taldeak lanean ari ziren bitartean, adinekoak ere prestatzen ari ziren. Hauek ere ohiko erritoa jarraitu zuten eta jantziak jarri ondotik joareak ongi lotu zituzten. Adinekoak Lasaga auzoan eta herrian egin zuten beraien ibilbidea eta azkenena beterano eta gazteak plaza ondoko zubian elkartu ziren, denek elkarrekin herrian barna itzulia egiteko. Behin plazara iristen ari zirela, Ander Eratsunek enbor bati 25 ebaki eman zizkion, alegia, hainbat urte, hainbat ebaki. Gainera benetan hunkigarria izan zen unea, txalaparta doinuak lagunduta egin bai zen.

Arroseneko Periko gogoan

Plazan 52 joaldunek itzulia egin eta omenaldien momentua hasi zen. Joaldun guztiek zinta beltza zeramaten, hildako Periko joaldunaren omenez. Eguraldia ez zen portatu eta goiz osoan zehar zoritxarreko protagonista bilakatu zen. Lehenik eta behin herriko bi dantzari gaztek agurra eskaini zieten joaldunei eta hauek txalo zaparrada ederrarekin eskertu zuten. Jende multzoa elkartu zen larunbatean Iturenen, eta hori eguraldia ez zela portatu. Kanpotar nahiz herritarrek urteroko besta bikain hau jarraitu nahi izan zuten. Ondotik, taula gainetik hitz batzuk eskaini zituzten Maider eta Joxe Marik. Hasierako urteak gogora ekarri zituzten eta antolatzaileek herritarren parte hartzea eskertu zuten, hain herri txikia izanik, denak inplikatzea lortzen baita. Azken urtean hildako herriko senideak aipatu zituzten, baina aipamen berezi bat egin nahi izan zuten Arroseneko Perikorekin. Bera joaldun izan zen, eta gainera, orain 32 urte aizkora apustu bat egin zuten 4 herritarretako bat izan zen. Larunbatean Periko falta zenez, bere tokia bete zuen Rafaelek. Omenaldia aizkoran arituz egin zuten eta horrez gain, oroigarri bat eskaini zioten Arroseneko familiari. Miel Mindegia bertan zela aprobetxatuz, berak banatzea eskatu zuten eta halaxe egin zuen.

Aizkora saioa eta bertsolariak

Ondotik aizkora saioari ekin zioten. Latxane eta Errotzaine, Erregerena eta Untxaloren aurka. 4 aizkolariak bikoteka aritu ziren, txandak osatuz. Lan ederra egin zuten eta gainera, larunbatean ez zen irabazle edo galtzailerik izan, denek Periko bai zuten gogoan. Saio bukaeran oroigarria jaso zuten parte hartu zuten 4 aizkolariek eta horrez gain, hurbildutako jendearen txalo sorta. Segidan bertsolarien txanda izan zen, beterano eta gaztea, Xabier Amuriza eta Jon Maia. Amurizak koadro bat esku artean hartu eta bertan idatzitako bertsoa kantatu zuen Jon Maiaren laguntzarekin, beti ere, hau ere Periko omenduz. Eguerdi partean bazkari eta bazkal ondokoarekin segida izan zuen aurtengo Joaldunen egunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun