Mendaurko presa

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 15a

Kantauriko Ur Konfederazioak Mendaurko presako uren aprobetxamenduko ezaugarriak aldatzeko egitasmoaren berri eman du Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Zehazki, Central y Cogeneracion Ituren S.A. enpresak eskatu du Ituren eta Zubietako dermioetatik hartzen dituen uren aprobetxamenduaren ezaugarriak aldatzea. Mendaurko presan argindarra sortzeko segundoko 330 litroko emaria hartzen du enpresa honek, 100 litro Txitxillo eta Infernuko erreketatik, 30 litro Ibaitiatik, 150 litro Liñalekitik eta 50 litro Armaurritik.
Ezaugarrien aldaketarekin, sortutako potentzia 1.032 Kilowattetik 1.366 Kilowattera igoko da eta bi saltoen altuera ere haundituko da: 210 metro izatetik 220 metro izatera pasatuko da goikoa eta 285 metrotik 300 metrora beheitikoa.
Igoera hau bi zentralen automatizazioarekin eta presio bidezko tuberien diametroa haundituz lortuko da eta ez da ur-emaria handitu beharrik izanen. Beraz, ur kopuru berarekin potentzia handitzea da egitasmo honen helburuak.
Dena den, eskari honekin kaltetuak direla uste dutenek erreklamazioak aurketzeko aukera izanen dute irailaren 29a bitarte. Horretarako, Ituren eta Zubietako Herriko Etxeetara joaten ahal dira edo Espainiako Iparraldeko Ur Konfederazioak Donostian duen bulegora, bertan baitago espedientea agerian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun