Joan den igandean, irailak 14, ospatu ziren aurtengo Urritzokietako bestak. Urteen joanean, herriko auzo bakarretakoa da oraindik bestak egiten segitzen dituena, eta bakarra da auzo-bazkariaz gain hainbat ekitaldi eta joko antolatzen dituena.
11:30ean Santa Krutz ermitan egin zen Meza Nagusiarekin hasi zuten urritzitarrek eguna. Ondotik, hamaiketakoa egin zen ermita kanpoaldean eta Irune eta Itxaso trikitilariak alaitu zituzten bazterrak. Auzoz auzo ibili ziren trikitilariak eguerdira arte. 14:00etan asaua egin zen Sainduneko Zubian. 70 lagunetik goiti elkartu ziren giro onean bazkaldu eta solasean aritzera. Bazkaldondotik, mus txapelketa egin zen eta azken urtetako ohiturari segituz, IV. herri-kirol desafioan aritu ziren auzotarrak, emakumezkoak gizonezkoen kontra: zaku-lasterketan, koxkor-biltzen, zartagia botatzen eta arraultza egosiak kutxararekin batetik bertzera eramaten... Ondotik, irabazleei sariak banatu zitzaizkien. 18:00etan dantzaldia egin zen Irune eta Itxaso auzotarren doinuekin eta arratsean afariarekin eman zioten akabera bestei. Antolatzaileak gustura daude egunak izandako martxarekin, urtetik urtera giro hobean eta ekitaldi gehiagorekin ospatzen baitituzte bestak.