Berrikuntza aunitzekin hasi dute ikasturtea Landagain Eskolan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 15a

Eskolako irakasle eta ikasleak ikasturte berriko hasierako egunetan. TTIPI TTAPA

Eraikin berria estreinatu dute ikasleek, 3 solairu eta 10 gelekin

Gauza on guziak akabatzen dira, eta udako oporrak disfrutatzeko aukera izan dutenei ailegatu zaie berriz ere lanean edota ikasten hasteko tenorea. Landagain Eskolako haurrek irailaren 10ean agurtu zuten udako oporraldia eta berriz ere klaseetako martxa hartu zuten, batzuk pereza handiarekin, baina gehientsuenak ilusioz eta gogoz.
Aurten gainera, berrikuntza frankorekin hasi dute ikasturtea. Azkeneko urteetan zuzendari izan den Joxe Mari Remiroren partez, Junkal Altzuguren etxalartarra izanen da zuzendaria. Remiro Bortzirietako eskoletan koordinatzaile lanetan ariko da aurten.

Inoiz baino haur hasiberri gehiago

Aspaldiko urtetan ez zen hain kinta handirik sartu. 3 urteko 12 haurrek hasi dute ikasturtea: Aimar Aginagaldek, Kemen Antsalasek, Izar Azkarragak, Aitor Españak, Xuban Gastearenak, Eider Indaburuk, Mikel Iturriak, Iraia Izagirrek, Sandra Muñozek, Aitzol Pinok, Ane Telletxeak eta Eneko Zubietak. Guztira 64 haur ditu eskolak.

Eraikin berria martxan

Ikasturtea hastearekin batera, eraikin berria estreinatu dute haurrek. Hainbat hilabeteko obra-lanen ondotik, kasik guztiz osatua dago hiru solairu eta 10 gela dituen eraikina. Bertzeak bertze, gorputz heziketarako aretoa, bikoizketarako gela, ingelesa emateko gela, informatika gela eta liburutegi eder bat daude eraikinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun