Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ekimenez, norbere enpresa sortu eta bideragarria izan dadin laguntzeko tailerrak eskainiko ditu Cederna-Garalur Elkarteak. Hiru ikastaro emanen dira, eta independenteak badira ere, enpresa bat martxan paratzeko pauso guztiak biltzen dituzte hiruren artean. Dohainik izanen dira, Enplegu Zerbitzuak finantzatuak, eta enpresa munduan interesa duten guztientzat irekiak dira. Cederna-Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiaga industrialdean duen egoitzan emanen dira. Bigarren eta hirugarren tailerrak emanen dituen Beatriz Chagoyen Cedernako teknikariak azaldu digunez, «autoenplegua sustatu eta enpresa finkatzea da helburua» eta material guztia Cedernak bideratuko du.
‘Zure enpresa sortu nahi duzu?’
Izen horixe du lehen tailerrak. Bi zatitan banatu dute: «Lehenengo pausua negozio ideia sortzea edo zehaztea da. Horretarako sormena landuko da, alde batetik, tekniken ezagutza eta bertzetik, inguruaren ezagutza». Hala adierazi digu Beatriz Chagoyenek. Bigarren pausua, behin ideia zehaztuta, negozio bat martxan jartzeko eta arrakasta izateko behar diren gaitasunak lantzean datza. Landuko dituzten jokabideen artean hauek daude: autokonfidantza (autoestima eta internalitatea), iniziatiba, helburuak finkatu, pertsuasioa eta laguntza sareak, efizientzia, helburua lortzeko orientazioa eta iraunkortasuna, planifikazioa, kalitatea eta berrikuntza eta informazioaren bilaketa.
Negozio-ideia bilatzen lagunduko dute lehen fasea 12 orduko ikastaroa izanen da eta urriaren 7tik 9ra eskainiko da, 9:30etik 13:30era.
Bigarren zatian, proiektu berri bat ekiteko gaitasun pertsonalak landuko dira. 16 ordukoa izanen da, eta urriaren 13tik 16ra emanen da, 9:30etik 13:00etara.
‘Ongi ezagutzen al duzu abian jarri nahi duzun enpresa?’
Lelo horrekin eskainiko da bigarren tailerra. Honetan enpresa bideragarria izateko zer hartu behar den kontuan azalduko dute. «Ingurua aztertu behar da horretarako, hornitzaileak, konpetentzia, bezeroak... zenbakiak ere aztertuko dira», azaldu digu Chagoyenek. Gaineratu digunez, «interesatuak negozio-ideia buruan dutela etortzea litzateke onena». «Tailer interesgarria eta praktikoa izanen da, bildutakoen artean eztabaidak sortu eta ideia lagungarriak sortuko direlako». Bertzeak bertze, hastapenean izaten diren ohiko akatsak ere landuko dituzte. Ohiko akats horiek zein diren azaldu digu Cedernakoak: «finantza arloan sortzen dira batez ere. Negozioa martxan paratzerakoan hainbat arlo kontuan hartu ez, eta aunitzetan enpresa batzuk langileei ezin ordainduz dabiltza».
Ikastaro hau urriaren 23an, 24an, 30ean eta 31n emanen da, 14 orduz. 9:30etik 13:00etara izanen da.
‘Negozio Ttikiaren kudeaketa’
Enpresa abian jarri duten edo laster abiatuko dutenei bideratua dago hirugarren tailer hau. Negozioaren kontabilitatea informatikako programa batekin nola eraman daitekeen erakutsiko dute.
«Tresna sinplea eta praktikoa da. Sinplea kontabilitatea jakitea ez delako nahitaezkoa, eta praktikoa urratsez urrats zer egin behar den azalduko dugulako», adierazi digu Chagoyenek.
Ikastaro hau aitzinekoaren egun berdinetan emanen dira, baina arratsaldez: 14:00etatik 16:00etara. Zortzi orduko iraupena izanen du.
Izen ematea
Interesatuek telefonoz eman beharko dute izena, 948 625122ra deituta. Lehen tailerrean parte hartzeko urriaren 3a baino lehen eman behar da izena; eta bigarren eta hirugarrenean parte hartzeko urriaren 20a baino lehen.