«Igantzi eta Bera zatiko lanak atzeratuagoak zihoazen. Denbora hori ez da berreskuratu baina obrak erritmo onean doaz eta N-121A errepideko lanak heldu den urteko ekainerako bukatuak egonen dira». Hala adierazi zuen Laura Alba Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak irailaren 2an Etxalarren eskualdeko alkate eta zinegotziekin eta obrak egiten ari diren enpresekin egin zuen bilkuran. Kontua da hamar hilabete eskasetan egiteko aunitz dutela. 2009ko ekainerako bukatuak egonen direla adierazi arren, begibistakoa da oraindik nahiko airean daudela gauzak.
Beran ezkerrera edo eskuinera hartu, lanen erritmoa desberdina da; Beratik Irunerako obrak aitzineratuagoak doaz. Hortaz, badirudi, kontseilariak aipatutako 10 hilabete horietan baino denbora luzeagoan iraunen dutela trafiko arazoek. Bertzalde, Etxalar-Bera zatian egin behar izan diren aldaketen berri ere eman zuen kontseilariak, «beharrezkoak» direla iritzita. Aldaketa horien artean daude Berako Matxain baserria bota eta etorkizuneko Bide Berdearen ibilbidea aldatzea. Tellegiko tunelaren sarrera ere itxi eginen dute.
Nafarroako Gobernuaren esku dauden Nafarroa aldeko obrak hiru zatitan egiten ari dira: Igantzi-Etxalar, Etxalar-Bera eta Bera-Endarlatsa. Gipuzkoako zatiko lanez, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia ari da arduratzen. Laura Alba Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak hilaren 2an obren segimendu batzordearekin egindako bilkuran erran zuenez, Nafarroa eta Gipuzkoako lanak «antzeko erritmoan doaz». Baina obrak ikusi bertzerik ez dago egoera zein den ikusteko.
Nafarroaren kasuan, Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera zatiak 2009ko apirilerako eginak izanen zirela iragarria zegoen, baina azkenean ezinezkoa izanen da. Eta Laura Alba kontseilariak heldu den urteko ekainerako obrak eginak egonen direla nabarmendu arren, agerikoa da atzerapena. Kontseilariak berak «bi hilabeteko atzerapena» onartu zuen, baina agian luzaroagoan egon beharko dugu errepideko obretan ilaran. Zati horretako obrak aldi baterako enpresa-elkarte (UTE) baten esku dago, eta bertze arrazoien artean, enpresa aldaketak tarteko, atzeratu egin dira lanak. Hasiera batean, Ecay-Andueza SL, Indeconsa eta Obrascon Huarte Lain SAk osatu zuten UTEa. Baina lanean ari direnak ez dira hasieran hitzartutakoak. Enpresa horietako batek obra bertan behera utzi zuelako zurrumurrua zabaldua zen eskualdean. Eta hala izan zen. Izan ere, lurra mugitzeaz arduratzekoa zen Ecay-Andueza SL enpresak obra uztea erabaki zuen eta bere ordez, El Masa enpresa ari da lurra mugimenduekin.
Beratik aitzinerako lana, berriz, Mariezcurrena ari da egiten, baita Gipuzkoako zatikoak ere. Eta lan hauek bertze zatiarekin alderatuz, aitzineratuagoak doaz.
Bertzetik, aipatu, kontseilariak segimendu batzordearekin egindako bileran, bertzeak bertze, Jose Luis Etxabarri Herri Lanetako Zuzendari Nagusia, Jesus Gonzalez Albero Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria, eta Bortzirietako hainbat alkate eta zinegotzi izan zirela. Tartean Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarkoa, Iñaki Goienetxe Igantzikoa eta Koldo Erkizia Lesakakoa. Guztiek elkarrekin obrak bisitatu zituzten.