• Abuztuaren 31n jokatu zen Uharte-Arakilen Nafarroako Artzain Txapelketako XLI. edizioa eta Antonio Alustiza aresoarra eta Ttiki bere zakurra atera ziren garaile.
• Bere bederatzigarren txapela jantzi zuen Alustizak, hirugarrena Ttikiren. Egindako lanarekin gustura gelditu zela aitortu digu.
• Nafarroakoa irabazita, igande honetan, irailak 21, Axpen (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko Txapelketan Nafarroa ordezkatuko du.
Aurten irabazi duzun Nafarroako txapelarekin zure bederatzigarrena jantzi duzu...
Bai, hala da. Ez dut ondo gogoratzen baina 93an irabaziko nuen lehenbizikoa, Argi zakurrarekin. Gero hiru txapel atera nituen Jairekin, eta beste bi Argirekin. Azken hiru urteotan Ttiki zakurrarekin jantzi dut txapela.
Urteekin aunitz hobetu duzuela uste duzu?
Zakurrarekin batez ere bai. Arraza hobearekin ibiltzen naiz, Gorbeiako artzain zakurrarekin. Lehenago hemengo arraza autoktonoa den zakur iletsuarekin aritzen nintzen. Ez zen txarra baina oraingoa hobeki dominatzen dut.
Nafarroako errekorra Patxi Etxeberria amaiurtarrak du, 15 txapelekin. Hori hobetzen ahaleginduko zara?
Ez nabil hori buruan! Nabilen bitartean ahal dudana egiten saiatuko naiz.
Nola moldatzen zara zakurrak hezitzeko?
Nire gisara ikasi dut hezitzen, eguneroko lana eginez. Ardietan ia egunero ibiltzen naiz eta orduan ikasten da. Eguneroko lanari lehiaketetarako toke bat ere ematen saiatzen naiz, zakurrak ohitu daitezen. Baina zakurrek berezkoa dute obendienteak izateko ezaugarria, eta horrek ere badu eragina. Guk ikasten lagundu egiten diogu, baina obedienteak izatea ez dago gure esku.
Zakur bat noiz dago bere onenean?
Adinari dagokionean, hiru-lau urte dituenean. Aurreneko urtea ikasten pasatzen dute eta lanerako gogoa haundia izaten dute. Hiruzpalau urterekin ikasiak eta asentatuak izaten dira.
Txapelketetan hiru proba puntuagarri izaten dira…
Lehenengoa obedientzia froga da: markaturik dagoen ibilbidetik artaldearen kontrako zentzuan ibili behar du zakurrak. Bigarrenean, ardiak artzainaren ondora ekarri behar ditu eta hesi batetik pasatu. Hirugarrenean ardiak arditegian sartu eta atera behar dira. Hiruetan zailena banderekin markatutako bidea egitea da. Banderen artetik joan behar du zakurrak eta huts eginez gero, puntuak kentzen dituzte. Gainera, zakurrak ardiengana joan nahi izaten du, eta banderak kontrako aldean egoten dira. Hori da erakusten zailena.
Egun arrunt batetik lehiaketa batera alde haundia dago?
Bai. Zakurrak berak ni urduri nagoen ala ez nabaritzen du. Bera, ordea, urteekin asentatu egin da. Hasieran ezinegonez egoten zen, baina orain lasaitua ikusten zaio, ez da nerbioso jartzen.
Nafarroako Txapelketa irabazita, orain Euskal Herriko Lehiaketan ordezkatuko duzu Nafarroa...
Hala da, baina han aurrenekoetan sailkatzea zaila da. Bigarren eta hirugarren askotan egin izan dut baina maila haundia dago, batez ere, Araba eta Bizkaia aldean. Lehen proban, obedientzia deiturikoan, bandera bat edo bi huts eginez gero, txapeketatik kanpo gelditzen da. Huts egiten ez duten zakur batzuk dira eta dena perfektu egin behar da. Nire aldetik, ahal dudana egiten saiatuko naiz.