Zazpi Herrialdetako Herri Kirol txapelketa Donostian jokatuko da larunbatean

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 12a

Nafarroako selekzioa azken lau urteetan irabazi duen txapela mantentzen saiatuko da

Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa hogeigarren aldiz jokatuko da larunbatean, Donostiako Sagues plazan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da jaialdia, musika eta dantza emanaldiekin eta ordubete geroago abiatuko da txapelketa. Euria eginen balu berriz, Atano III.a pilotalekuan jokatuko litzateke. Iaz bezala, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkariek hartuko dute parte. Zuberoa izan da azken urteetan gutxien parte hartu izan duena, baina aurten ez du hutsik eginen. Iaz txapelketa antolatzeko ardura izan zuen eta taldea eratu zuen. Sokatira ez beste kirol guztietan ariko da.

Hamar kirol ezberdin

Txapelketak denera 10 herri kirol biltzen ditu. 150 kirolari inguru ariko dira aurten sokatiran, koxkor biltzen, txinga eramaten, zaku lasterketan, harrijasotzean, ingude altxatzean, lasto altxatzean, orga jokoan, arpanan eta aizkoran. Kanpoan gelditzen diren kirolak abere eta giza probak, sega, lasto-botatzea, harri zulatzea eta lur gaineko sokatira dira. Hain zuzen, goma gaineko sokatirak jarriko du abian txapelketa eta aizkora izanen da azken kirola. Nafarroak jantzi du txapela azken lau urteetan eta berak izanen du hura berritzeko erronka. Bizkaia da berriz, txapel gehien jantzi dituena.

Zuberoatik abiatuta

1987 urtean antolatu zuten lehen aldiz txapelketa Zuberoan, Atharratzen, ofiziala izan ez bazen ere. Urte bat geroago lehen txapelketa ofiziala jokatu zen Atharratzen bertan. Ordutik hona urtero jokatu da, 1995ean izan ezik.

Taldeak prest

Aipatu bezala, Nafarroaren esku gelditu da txapelketa azken lau urteetan eta orotara bortz aldiz jantzi du txapela. Izan ere, lehenbiziko txapela 2002garren urtean irabazi zuen, Beran jokatutako txapelketan. Iaz zazpi puntuko aldea atera zion Bizkaia bigarren sailkatuari eta hiru proba irabazi zituen. Aurten ere, eskualdeko hainbat kirolarik parte hartuko dute txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun