Igande honetan, irailaren 14ean, ospatuko dira Etxalarko Urritzokieta auzoko bestak. Goizeko 11:30ean Meza Nagusia izanen da Santa Krutz ermitan eta ondotik auzokoek eskainitako hameketakoa ere izanen da. Trikitilariak arituko dira giroa animatzen. 12:30ean trikitilariek auzoa zeharkatuko dute kalejiran eta 14:00etan Asau izanen da Sainduneko zubian.
Bazkalondoan
Bazkalondoan, arratsaldeko 17:00ak aldera, mus txapelketa jokatuko da, baita herri kirol desafioa auzoko emakumeen eta gizonezkoen artean. Ondotik sari banaketa eginen da. Arratsaldeko 18:00etan dantzaldia izanen da trikitilariekin eta arratseko 20:00etan afaria. Afalondoa girotzen ere trikitilariek segituko dute. Urritzokietako auzotarrek jakinarazi dutenez, egun osoan joku sorpresak izanen dira eta irabazleentzako sari ederrekin, gainera.
INFORMATIKA IKASTAROAK KULTUR ETXEAN
Etxalarko Kultur Etxeak Informatika ikastaroa antolatu du. Hastapen ikastaroa izanen da eta Windows, Internet eta posta elektronikoari buruzko oinarrizko jakingarriak eskainiko dira. Ikastaroa irailaren 15etik 26ra eskainiko da, egunero ordu terdiz, arratsaldeko 16:00etatik 17:30era eta honenbertzez, 15 orduko ikastaroa osatu arte. Ikastaroaren prezioa 28 eurokoa da eta Etxalarko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez, lau leku bertzerik ez daudenez, lehenbailehen izen ematea komeni da.