Etxalarko Iarmendi inguruko usategien enkantea egin zen joan den larunbatean, irailaren 6an. Eskopetako ehiztariek aitzinetik beraien arrenkura azaldua zuten, zenbait posturen inguruan zuhaitzek ehizatzeko aukera gutti ematen zutela agertuz eta enkantean ezinegon hori somatu zen, zazpi postu hutsean gelditu baitziren eta bertze hamabortzak hasierako prezioan eman ziren, inork gehiago eskaini gabe. Horrek, eskopetako ehiztarien protesta garbi agertzen duela adierazi zuen Patxiku Irisarri alkateak, baina sareko ehizan aritzen diren usazaleen eskariz paratutako zuhaitzak mantentzearen aldekoa da, tradizio horri eusteko.
Bigarren enkantea irailaren 16an
Bertze urteetan posturen bat edo bertze hutsean gelditu bazen ere, inoiz ez zen kopuru hauetara ailegatu. Aurten, erran bezala, 7 izan dira hutsean gelditutakoak, 3 eta 4 sarekoak eta 11, 15, 16, 20 eta 21 postuak. Hauen hasierako prezioa 11.097 eurokoa zen. Dena dela, joan den larunbateko enkantea ez da behin betirako. Izan ere, ohitura denez, sexteorako aukera izanen dute ehiztariek. Hau da, hasiera batean emandako prezioaren seitik bat igotzeko aukera dute. Kasu hauek eta oraindik saldu gabekoak erabakitzeko, bigarren enkantea eginen da heldu den aasteartean, irailaren 16an, arratsaldeko 19:00etan.