Joaldunen Egunak 25. urteurrena ospatuko du larunbatean

ttipi-ttapa 2008ko irailaren 11

1983an egin zen lehen aldiz Joaldunen Eguna. TTIPI TTAPA

Hainbat ekitaldi prestatu dira mende laurdena behar bezala gogoratzeko

Urteak pasatu dira Iturengo joaldunak Euskal Herrian eta kanpoan barna joareak jotzen ibiltzen hasi zirenetik. Hain zuzen, ateraldi haietako batean, Zarautzen, sortu zen aurten 25 urte beteko dituen Joaldunen Eguna egiteko ideia. Gogotu eta egin. Geroztik 25 urte pasatu dira, eta mende laurdena modu berezi batean ospatze aldera, besta haundia iragarri dute larunbat honetarako, irailaren 13rako, Iturenen. Jatorriz espiritu txarrak eta izurriteak uxatzeko erritoa zena, gaur egun, iturendar, aurtiztar eta zubietarren kulturaren zati garrantzitsu bihurtua da. Gainera, urteekin gero eta indar haundiagoa hartzen ari da. Hala, gaur egun, Euskal Herrian nahiz kanpoan ezagunak dira azpiko gona zuria, gerrikoa eta ardi larrua soinean, ttuntturrua buruan, isipua eskuineko eskuan, zapi gorria lepoan eta nola ez, joareak bizkarrean daramatzaten pertsonaiak. Joaldunak dira.

1983garren urtetik

1983an hasi ziren Joaldunen Eguna ospatzen Iturenen. Orduan 14 bat bildu ziren eta geroztik, urtero-urtero 20 bat biltzen dira. Aurtengoan, berezia izanik, 40 bat elkartzea espero dute. Lehenbiziko urteetan besta hau joaldunek antolatzen bazuten ere, Ibintza Kultur Taldearen sorrerarekin, honek hartu zuen lekukoa, eta orain bera da antolatzailea. Aurtengo bestaren antolaketan Ibintza Kultur Taldea, Joaldunen Elkartea eta Inauterietako Batzordea ibili dira.

Egitarau zabala

Egitarauari dagokionez, goizean Amezti auzoan baserriz baserri ibili ondotik eguerdian herrira itzuliko dira han bueltaka ibiliko diren joaldun zaharrekin biltzeko. Herritarren arteko aizkora apustua ere izanen da egun horretan, ordubata terdia aldea: Latxane eta Errotzaine, Erregerena eta Untxaloren aurka. Bertsolariak ere han izanen dira, eta 3ak aldera herri bazkaria eginen da, Jon Maia eta Xabier Amuriza bertsolariekin. Aurten karpa batean, jende aunitz bilduko delako. Bestari segida emateko arratsaldean dantzaldia izanen da Mikel Salaberrirekin eta gauerdiko 12:30etatik aitzinera, dantzaldia eta gaupasa Joselu Anaiak taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun