Mendaurko presak argindar potentzia handiagoa sortuko du

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 10a, 16:07

Uren aprometxamenduko ezaugarriak aldatzeko egitasmoa azaldu du Ur Konfederazioak

Kantauriko Ur Konfederazioak Mendaurko presako uren aprobetxamenduko ezaugarriak aldatzeko egitasmoaren berri argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Segunduko 330 litroko ur-emaria

Zehazki, Central y Cogeneracion Ituren S.A. enpresak eskatu du Ituren eta Zubietako dermioetatik hartzen dituen uren aprobetxamenduaren ezaugarriak aldatzea. Mendaurko presan argindarra sortzeko, segunduko 330 litroko emaria hartzen du enpresa honek, 100 litro Txitxillo eta Infernuko erreketatik, 30 litro Ibaitiatik, 150 litro Liñalekitik eta 50 litro Armaurritik.

Potentzia handiagoa tuboak handituz

Ezaugarrien aldaketarekin, sortutako potentzia 1032 Kilovatiotik 1366 Kilovatioetara igoko da eta bi saltoen altuera ere handituko da: 210 metro izatetik 220 metro izatera pasatuko da goikoa eta 285 metrotik 300 metrora beheitikoa. Igoera hau bi zentralen automatizazioarekin eta presio bidezko tuberien diametroa handituz lortuko da eta ez da ur-emaria handitu beharrik izanen. Beraz, ur kopuru berarekin potentzia handitzea da egitasmo honen helburuak.

Erreklamazioak aurkezteko aukera irailaren 29ra arte

Dena den, eskari honekin kaltetuak direla uste dutenek erreklamazioak aurketzeko aukera izanen dute irailaren 29a bitarte. Horretarako, Ituren eta Zubietako Herriko Etxeetara joaten ahal dira edo, Espainiako Iparraldeko Ur Konfederazioak Donostian duen bulegora, bertan baitago espedientea agerian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun