Langabeziak %5,68 goiti egin du eskualdean abuztuan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 9a

595 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak

Azken urte erdiko beheitiko joera galdu eta eskualdean langabeziak %5,68 goiti egin du eskualdean abuztuan. Beraz, estatu osoko eta Nafarroako banaz bertzekotik goiti egin du joan den hilabetean Doneztebeko Enplegu Bulegoan.
Zehazki, abuztu hondarrean 595 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, uztail hondarrean baino 32 gehiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 366 kontratu gauzatu ziren abuztuan, uztailean egin zirenen erdia baino guttiago, eta horietatik 45 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.

Adina eta sexuaren arabera

Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak. 321 dira langabezian daudenak eskualdean, uztailean baino 11 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere nabarmen goiti egin du langabeziak, 216 gizon baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 21 gehiago. 25 urtez beheitikoen artean, uztaileko langabetu kopuru berdinak mantendu dira abuztuan ere eta 28 emakumek eta 30 gizonek emana zuten izena Enplegu Bulegoan.

Lan arloka

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 361 langabeturekin, uztailean baino 17 gehiago. Industrian 140 langabetu daude, uztailean baino 10 gehiago. Eraikuntzan ere 8 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 47 langabetu daude; nekazaritzan, aldiz, beheiti egin du langabetu kopuruak, 14 baitira langabetuak, uztailean baino 2 guttiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean zertxobait beheiti egin du langabeziak abuztuan, 33 langabetu baitaude eskualdean, uztailean baino bat guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun