Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen igandean, irailaren 7an, Oitzen. Bertan, Oihan Larretxea beratarrak txapela janzteaz gain, kategoria honetako marka guziak hobetu zituen. Izan ere, joan den urtean Ander Erasunek egin zuen marka, 8 minutu eta 39 segundukoa, bi minututan hobetu zuen Larretxea gazteak eta 6 minutu eta 39 segunduan moztu zituen 45 ontzako bi enborrak eta 54 ontzako bertze biak. Oihanek ez ezik, finaleko bertze lau aizkolariek ere hobetu zuten iazko Erasunen marka, ederki baliatu baitzuten egur egokia aurkitu izana, eta ziztu bizian aritu ziren lanean.
Patxi Mindegia aitzinetik lan erdietan
45 ontzako lehenbiziko enborra mozten azkarrena Patxi Mindegia zubietarra izan zen, 49 segunduan egin baitzuen hori. Larretxeak 6 segundu gehiago behar izan zituen, Ruben Saralegi iruñearrak 12 segundu gehiago eta Raul Castro urroztarrak eta Berriozarko Julen Kañamaresek 20 segundu gehiago. Lan erdietan, 54 ontzako lehen enborra moztutakoan ere, Mindegia zen aitzinetik, 2 minutu eta 51 segunduko denborarekin. Larretxeak 7 segundu gehiago behar izan zituen eta Castrok 16 segundu gehiago. Saralegi eta Kañamares gibeltzen hasiak ziren.
Larretxea nagusi bigarren zatian
Lanaren bigarren zatian Larretxea nagusitzen hasi zen. Honela, hirugarren enborra, 54 ontzako bigarrena aitzinetik moztu zuen Berakoak, 5 minutu eta 11 segunduan. Mindegiak 17 segundu gehiago behar izan zituen, Castrok 37 gehiago, Saralegik 51 gehiago eta Kañamaresek minutu eta 24 segundu gehiago. 45 ontzako enborra moztu zuten azkenik eta bukaeran, erran bezala, 6 minutu eta 39 segundu behar izan zituen Oihan Larretxeak eta 7 minutu eta segundu bat Patxi Mindegiak. Biak bigarren mailan ariko dira heldu den urtean. Raul Castrok hirugarren postua eskuratu zuen eta 7 minutu eta 28 segundu behar izan zituen lana akitzeko. Saralegik 7 minutu eta 52 segundu behar izan zituen eta Kañamaresek 8 minutu eta 30 segundu.
Agitek marka
Txapelketa honekin batera, Jesus Olaizola “Agitek” marka pertsonala jarri zuen Oitzen: Kanako enbor bat zutik moztu zuen 5 metrotako altueran. Enborrak guztira zituen 5 metro eta kortea 5 metroren azpitik egin zuen. Denera, 54 minutu 48 segundu eta 86 zentesima behar izan zituen enborra zatitzeko.