Buruz buruko txapela jantzi du Miguel Mari Urrutia erremontelari saldiastarrak

ttipi-ttapa 2008ko irailaren 8a

Goi mailako erremontelarien artean sendotzeko urrats handia eman du Urrutiak, buruz buruko txapela jantzita. TTIPI TTAPA

Casino Kursaal sariaren finala irabazi zion Zeberio II.ari

Miguel Mari Urrutia saldiastarrak buruz buruko erremonte txapelkeeta ofiziala, Casino Kursaal saria irabazi zuen igandean Galarretan. Zeberio II.aren kontra jokatutako finalean ezustea eman eta 29 eta 35 irabazi zuen. Binaka aspaldian goi mailako erremontelaria dela erakutsia du Saldiasko atzelariak, baina txapel honekin, buruz buru ere onenen artean dagoela erakutsi du Urrutiak, Ezkurra, Lizaso edo Zeberio II.aren parean.

Pronostikoak hautsiz

Pronostiko guziak hautsi zituen Urrutiak, hasieran, dirua 100 40ra baitzegoen bi txapel irabaziak zituen Elduaingo aurrelariaren alde. Izan ere, finalaurreko ligaxkan Zeberiok 35-19 irabazi zion Urrutiari, baina atzo erremontelari ezberdina izan zen Urrutia, piloteoan sendo eta bere aukeren jakitun. Hasiera berdindua izan zuen partidak, baina 17nako berdinketaren ondotik, bost tantu segidan egin zituen Saldiaskoak eta ordura arte gordea izan zuen bere sake zitala agertzen hasi zen. Hortxe erabaki zen finala. 21-29 eta 22-32 aurretik jarri zen Urrutia. Hamar tantuko aldearekin, ordea, urduritu egin zen saldiastarra eta bost tantu segidan egin zituen Zeberiok. Gero, 29 eta 33ra ere hurbildu zen gipuzkoarra, baina ez zuen markagailuari buelta emateko aukerarik izan, hondarreko bi tantuak Saldiaskoak egin baitzituen. Honela, Urrutiaren izena erremonteko handienen artean ezarri zuen.

Amonari eta lehengusinari eskainia

Finalaren ondotik, hodei artean zebilela aipatu zuen Miguel Mari Urrutiak eta berriki hildako amonari eta Mertxe Urrutia lehengusinari eskaini zien txapela. Hau, lanean eman duen denborari esker lortu duela aipatu zuen eta txapelaz gozatu ondotik, berriro eguneroko lanean segituko duela adierazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun