NAFARROAKO HERRIZ HERRI TXAPELKETA Kirol ekitaldi garrantzitsuz beteriko asteburua izanen da gainean duguna. Alde batetik, Herriz Herri Txapelketako finala jokatuko da Arraiozen larunbatean, herriko besten barne. Bertzetik, berriz, III. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko da igandean Oitzen, hau ere herriko besten barne.
Nafarroako Herriz Herri Txapelketako finala
Sailkapeneko lau jardunadi jokatu ondoren, larunbat honetan, hilak 6, jokatuko da Nafarroako Herriz Herri proba konbinatuetako finala, Arraiozko laxo plazan, 19:00etatik aitzinera.
Lehenengo proba konbinatukoek jokatuko dute finala. Proba horretan, lokotx-biltzen, zaku-eramate lasterketan, aizkoran, lasterka eta arpanean ariko dira. Hiru talde ariko dira lehian: Igantzi, Ultzama eta Berriozar.
Garraldak, Berako Gure Txokoak eta Basaburuak 4., 5. eta 6. postuetarako lehiatuko dute.
Bigarren konbinatuetan ere azken saioa izanen da Arraiozen jokatuko dutena. Kasu honetan, harria jasotzen, txingak eramaten eta ingude altxatzen ariko dira partaideak. Bigarren konbinatu hori liga sistema bidez jokatzen ari dira, beraz, larunbateko denborak orain arteko denborei batuko zaizkie, eta guztira, denbora hoberena egiten duen taldeak lortuko du txapela.
Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala
Uztailaren 10ean jokatu zen Nafarroako III. Mailako Txapelketaren kanpoaketa, eta ondoko bost aizkolariok lortu zuten finalean aritzeko txartela: Patxi Mindegia (Zubieta), Ruben Saralegi (Iruñea), Julen Kañamares (Berriozar), Raul Castro (Urrotz) eta Oihan Larretxea (Bera).
Final hori Oitzen jokatuko da, igandean, irailak 7, 17:30ean hasita
Aizkolari bakoitzak lau enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako.
Oizko jaialdian, gainera, Agiteren errekor saiakera ikusteko aukera izanen da. Zutika kanako enborra mozten ahaleginduko da bortz metroko altueran.