N-121A errepidean egiten ari diren obrak direla eta, Bera-Endarlatsa zatia itxi eginen dute gaur, irailak 5, arratsean. Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak jakinarazi duenez, 23:00etan itxiko dute eta eta 7:00ak bitarte ez dute zabalduko. Zehazki, Endarlatsara bidean, Villanueva ondoan (69. puntu kilometrikoa), eraikitzen ari diren bigarren biaduktuaren habeak eta plakak paratzeko moztuko dute.
Mozketa hori dela eta, Gobernuak Lesaka-Oiartzun, Bera-Ibardin eta Bera-Lizuniaga bideak hartzeko gomendatu du. Dena den, larrialdi kasuetan trenbide zaharra zabalduko dutela iragarri du, eta seinaleen bidez kontrolatua egonen dela.
Toki berean, 69. kilometroan, heldu den ortzegunean eta ortziralean, irailak 11 eta 12, 15:00etatik 17:00etara bitartean trafiko mozketak eginen dira.
Hurrengo asteko mozketak
Heldu den astean ere zenbait egunez moztuko da N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Igantziko Benten inguruan
Egunero, irailaren 8tik 12ra, mozketak eginen dira Igantziko Benten inguruan, 12:00etatik 13:00etara bitartean. 57 eta 59 kilometroen artean izanen da hori.
Gauez ere, astelehenean, semaforoen bitartez zuzenduko da trafikoa.
Endarlatsa inguruan
Endarlatsa inguruan, errepidea erabat moztuko da astelehenean, hilak 8, asteartean, hilak 9, ortzegunean, hilak 11, eta ortziralean, hilak 12. Egun horietan bi orduz itxiko dute errepidea, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Astelehenean, 71,800 eta 72,350 kilometroen artean itxiko dute errepidea.
Asteartean, 68,500.kilometrotik 69,950era bitartean itxiko dute errepidea.
Ortzegunean, 71,800. kilometrotik 72,359ra moztuko dute errepidea.
Ortziralean, 67. kilometrotik 67,200era moztuko dute errepidea.
Belaten eta Arraiozko errotonda lanak
Belateko mendatean egiten ari diren konponketa lanen ondorioz, NA-1210 errepideko 45,150 kilometroan desbideratze bat eginen da Iruñera bidean.
Bertzalde, N-121B errepidean ere, Arraiozen, 45. kilometroan egiten ari diren errotondako lanengatik, lan orduetan txandakako bidea emanen dute.
Txandakako pasabidea
Egunero bezala, astelehenetik ortziralera, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.