Enpresa bat sortu eta bideragarria izateko tailerrak eskainiko ditu Cederna-Garalurrek Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 4a

Urriaren 7tik aitzinera emanen dira Lesakako Alkaiaga auzoko Cedernaren egoitzan

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ekimenez, norbere enpresa sortu eta bideragarria izan dadin laguntzeko tailerrak emanen ditu Cederna-Garalur-Elkarteak. Hiru ikastaro emanen dira, independenteak, eta dohainik izanen dira, Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuak finantzatuak. Enpresa munduan interesa duen edozeinentzat irekiak dira eta Cederna-Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiaga auzoan duen egoitzan emanen dira, Amaia Pando eta Beatriz Chagoyenen eskutik.

‘Zure enpresa sortu nahi duzu?’

Izen horixe du lehen tailerrak. Bi zatitan banatu dute: «Lehenengo pausua negozio ideia sortzea edo zehaztea da. Horretarako sormena landuko da, alde batetik, tekniken ezagutza eta bertzetik, inguruaren ezagutza (egoera sozio-ekonomikoa eta lan merkatua)». Hala azaldu digu Amaia Pandok. Bigarren pausua, behin ideia zehaztuta, negozio bat martxan jartzeko eta arrakasta izateko behar diren gaitasunak lantzean datza. Pandok xehetasun gehiago eman dizkigu: «motibazio psikologikoak jokabide batzuk edo bertzeak garatzera eramaten gaituzte. Jokabide aunitz dagoen arren, tailer honetan hamar landuko ditugu: autokonfidantza (autoestima eta internalitatea), iniziatiba, helburuak finkatu, arriskuak agin hartu eta fustrazioarekiko tolerantzia, pertsuasioa eta laguntza sareak, efizientzia, helburua lortzearekiko orientazioa eta iraunkortasuna (pertsistentzia), planifikazioa, kalitatea eta berrikuntza eta informazioaren bilaketa». Horiek dira garatuko dituzten jokabide horiek.
Negozio-ideia bilatzen lagunduko dute lehen fasea 12 orduko ikastaroa izanen da eta urriaren 7tik 9ra eskainiko da, 9:30etik 13:30era. Bigarren zatian, proiektu berri bat ekiteko gaitasun pertsonalak landuko dira. 16 orduko ikastaroa izanen da, eta urriaren 13tik 16ra emanen da, 9:30etik 13:00etara.

‘Ongi ezagutzen al duzu abian jarri nahi duzun enprsa?’

Lelo horrekin eskainiko da bigarren tailerra. Honetan enpresa bideragarria izateko zer hartu behar den kontuan azalduko dute. «Ingurua aztertu behar da horretarako, hornitzaileak, konpetentzia, bezeroak... zenbakiak ere aztertuko dira», azaldu digu Beatriz Chagoyenek. Gaineratu digunez, «interesatuak negozio-ideia buruan dutela etortzea litzateke onena». «Tailer interesgarria eta praktikoa izanen da, bildutakoen artean eztabaidak sortu eta ideia lagungarriak sortuko direlako». Material gida, hastapenean izaten diren ohiko akatsen gida eta finantza munduko gida bat erabiliko dira.
Ikastaro hau urriaren 23an, 24an, 30ean eta 31n emanen da, 14 orduz. 9:30etik 13:00etara izanen da.

‘Negozio Ttikiaren kudeaketa’

Enpresa abian jarri duten edo laster abiatuko dutenei bideratua dago hirugarren tailer hau. Negozioaren kontabilitatea informatikako programa batekin nola eraman daitekeen erakutsiko dute. «Tresna sinplea eta praktikoa da. Sinplea kontabilitatea jakitea ez delako nahitaezkoa, eta praktikoa urratsez urrats zer egin behar den azalduko dugulako», adierazi digu Chagoyenek.
Ikastaro hau aitzinekoaren egun berdinetan emanen dira, baina arratsaldez: 14:00etatik 16:00etara. Guztira zortzi orduko iraupena izanen du.

Izen ematea

Interesatuek telefonoz eman beharko dute izena, 948 625122ra deituta (Begoña Iparragirre).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun