Langabezia %5,68 igo da abuztuan Doneztebeko Enplegu Bulegoan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 3a

Nafarroan igoera %2,16koa izan da, eta 516 langabe gehiagorekin itxi zen abuztua

Hego Euskal Herri osoan bezala, Doneztebeko Enplegu Bulegoan ere goiti egin du langabeziak. Uztailean beheiti egin zuen arren, abuztuan goranzko joera hartu du eta %5,68 igo da. Gainera, Hego Euskal Herriko igoera portzentajeen gainetik dago Doneztebeko bulegokoa: %4,98 igo da Araban, %4,02 Bizkaian, %3,16 Gipuzkoan eta %2,16 Nafarroan.

Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, guztira Nafarroan 25.458 langaberekin bukatu zen abuztua. Horietatik 14.016 emakumeak dira eta gainerako 10.442ak gizonezkoak.

Langabezia sektoreka aztertuz, eraikuntzan, merkataritzan, bertzelako enpresa-jardueretan, ehungintza eta korreo nahiz garraioan egin du Nafarroan goiti langabeziak. Aitzitik, beheiti egin du elikaduraren industrian, nekazaritzan eta lehendik lanik gabe zeudenen artean.

Sexuari dagokionean, berriz, emakumeek jarraitzen dute langabezia-tasa altuenarekin. Halere, igoera gizonetan altuagoa izan da, %2,92koa, hain zuzen. Emakumezkoetan %1,59koa izan da.

Adin tarteei dagokienez, 25 urtetik beherakoen artean 2.592 langabe zenbatu ziren abuztuan. Uztaileko datuekin konparatuz %3,80koa izan da gorakada. 25 urtetik goitikoetan, berriz, igoera %1,96koa izan da. Adin tarte honetan, 21.866 langabe erregistratu ziren abuztuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun