N-121Ako lanak 2009ko udarako bukatuko dituztela adierazi du Laura Alba kontseilariak

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 2a

Ezkerretik hasita, Jose Luis Etxabarri Herri Lanetako Zuzendari Nagusia, Iñaki Goienetxe Igantziko alkatea, Laura Alba kontseilaria, Koldo Erkizia Lesakako alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxi

Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria obretako batzorde jarraitzailearekin bildu da Etxalarren

“N-121A errepideko lanak heldu den urteko udarako bukatuak egonen dira”. Hala adierazi du Laura Alba Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak gaur Etxalarko Bentetan eskualdeko herrietako alkateekin eta lanak egiten ari diren enpresekin egin duen bilkuran. Lanak nola doazen azaltzeaz gain, Etxalar-Bera errepide zatian egin diren aldaketak zein diren azaldu du. Bileran, bertzeak bertze, kontseilariaz gain, Jose Luis Etxabarri Herri Lanetako Zuzendari Nagusia, Jesus Gonzalez Albero Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria, eta inguruko hainbat alkate eta zinegotzi izan dira: Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Iñaki Goienetxe Igantziko alkatea, Koldo Erkizia Lesakako alkatea, Pako Errandonea Sunbillako alkatea, Deñe Abuin Lesakako zinegotzia eta Helena Santesteban, Isidora Agirre eta Marisol Taberna Berako zinegotziak.

Obrak hiru zatitan egiten ari dira eta bileran bakoitza nola doan azaldu dute Gobernuko ordezkariek:

Igantzi-Etxalar

Errepide zati hau 65. kilometroan hasi eta Etxalarrera sartzeko bidean bukatuko da, eta 21.941.516,96 euroko aurrekontua izanen dute lanek. 4,150 kilometroko luzera izanen du eta lau aldiz gurutzatuko du Bidasoa ibaia, 200, 110, 190 eta 105 metroko biaduktuekin. Bigarrena, dagoeneko bukatua dagoela adierazi du Alba kontseilariak, eta hala, Basataundio tuneleko lanak hasi dituztela nabarmendu du; tunelak edukiko dituen 445 metrotik 45ean indusketa lanak eginak dira.

Aipatzekoa da, tunel honetan lanean ari zirela, antzinako mea-zuloa topatu zutela, XX. Mende hasierakoa. Beruna, zinka, kobrea, siderita, pirita, eskalerita, galena eta kakopirita lantzen zuten hor, bertzeak bertze. Toki horretan azterketak eginen dira orain.

Gainerako zatian, egin beharrekoaren %50a egina dagoela aipatu du kontseilariak.

Etxalar-Bera

Aitzineko zatian hasi eta Berako saihesbidea hasten den lekuan bukatuko da tarte hau, eta 21.214.728,11 euro kostako da. 3,720 kilometro izanen ditu eta bortz alditan gurutzatuko du Bidasoa, 158, 90, 120, 130 eta 172 metroko biaduktuen bitartez. Horien artean 120 metro dituenak, Amisalabietako tunelaren hegoaldean dagoenak, habeak paratuak omen ditu eta taularekin ari omen dira lanean orain. Matxain errekako egitura ere bukatua omen dago. Amisalabietako tunelean, 305 metrotik dagoeneko 145ean indusketa lanak egin direla argitu du Albak eta gainerako lanen %60 baino gehiago egina omen da.

Hain zuzen, zati honetan aldaketak egin behar izan ditu Gobernuak. Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, bideak Nabasturengo zentralera joateko bideari bete-betean eraginen lioke, eta horrek pareta bat egitera bultzatuko luke obra. Horrez gain, Lesakako sarrera-irteeran malda haundiegia izanen litzateke (%8koa) eta egin berri dituzten aldaketekin %4ra murriztuko dute. Kurbadura erradioa ere ttikiagotuko omen da horrela.

Bertzalde, etorkizunean egin nahi den Bide Berdeak ere aldaketak izanen ditu. 400 metroko tartean lekuz aldatuko dute, eta Berara bidean, errepide berriaren ezkerretik igaroko da, hau baino bi metro gehiagoko altueran. Malda ttikia izanen duela adierazi dute Gobernukoek. Gisa berean, aipatu, Tellegiko tunelaren alde bat itxita geldituko dela, baina, antza, ez dute botako.

Aralarrek aitzineko astean egindako salaketaren harira, Alba kontseilariak errandakoak “guztiz faltsuak” direla adierazi du, eta Gobernuaren eta alkateen arteko harremana “zikintzen” saiatu izana leporatu dio. Aralarrek joan den astean, prentsa ohar bidez, “N-121A errepideko lanetan proiektuarekiko egiten ari diren aldaketak sakonekoak direla eta informaziorik ez dagoela” salatu zuen. Eta, bertzeak bertze, aldaketen artean hauek aipatu zituen: “Tellegiko tunela eta Matxain etxea botatzea; trenabide zaharraren ibilbidea guztiz desbideratzea eta malda haundia sartzea”. Horrekin guztiarekin, “lehendik kaltetuak ziren baserritar eta lur-jabeak oraindik eta katetuagoak aterako direla” kritikatu zuen, eta “kaltetuei ez zaiela aldaketa hauen berririk eman”. Adierazpen horiek ez hanka eta ez bururik ez dutela nabarmendu du Albak, eta “protagonismoa” nahi izatea egotzi dio Aralarri. Dena den, Matxain baserria bota beharko dela argitu du, baina hori, hasieratik hala jakinarazia zela.

Bera-Endarlatsa

Zati honek 2,533 kilometroko luzera izanen du, eta 15.864.671,10 eurotan esleitu dira lanak. Proiektuaren arabera, bi biaduktu izanen ditu, 230 eta 196 metrokoak. Lur mugimenduak aitzineratu samarrak daudela aipatu du Albak, biaduktuen inguru horretan izan ezik. Hain zuzen, bigarren biaduktu horren habeak asteburu honetan paratuko dira. Horretarako, errepidea guztiz moztuko dute.

Ortziraletik larunbatera errepidea itxita

Bera-Endarlatsa zatian biaduktua paratu behar dutela eta, ortziraletik larunbatera bitarteko gauean errepidea erabat moztuko dute. Iragarri dutenez, 23:00etatik 06:00etara itxita egonen da bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun