Aitor Etxarri EAko ordezkari eta NaBai taldeko parlamentariak Etxalarrek dituen kezkak Nafarroako Parlamentura eraman ditu. Etxalarko EAko taldearekin bildu ondotik hainbat izan dira aurkeztu dituzten beharrak.
Alde batetik, N-121A errepidearen eta Etxalarrera sartzeko NA-4400 errepidearen artean dagoen bidegurutzea arriskutsua dela iritzi dio, Beratik datozen autoentzat, batez ere. Beratik datozenean, ibilgailuek gelditu egin behar dute Etxalarrera sartzeko, eta EAk adierazi duenez, «Bera bidean doazenak, batez ere, ibilgailu astunak direnean, Etxalarrera sartzeko Stop seinalea dagoen erreira igarotzen dira, eta Etxalarrera sartzeko geldituta dauden autoentzako arriskutsua da hori». Argitu duenez, lehen ere, EAk Parlamentura eraman zuen kezka hau, eta Gobernuak ezezkoa eman zuen, "halako konponketak kurbaren erradioa aldatzea eskatzen duela erranez".
EAren arabera, erreiak zabalduz gero arazoa konponduko litzateke, edo pibote batzuk paratuz erreia babestua geldituko litzateke.
Zugarramurdirako bidea
Zugarramurdirako bideak ere konponketak behar dituela nabarmendu du Eusko Alkartasunak, Etxalartik Zugarramurdirako bidean dauden 17 kilometroen egoera txarra delako. Zugarramurdiko zatia berritua izan da, baina Baztan eta Etxalar arteko zatiak "euro bat bera ere ez du jaso mantenimendu lanak egiteko", salatu du EAk. Horren harira, bidea moldatzeko asmorik ote duen galdetu du Etxarrik Parlamentuan.
Uholdeen ondorioak
Joan den urteko maiatzean Etxalarren izan ziren uholdeek utzitako kalteak konpontzeko laguntza %100ean ez jaso izana ere leporatu dio EAk Gobernuari. "Nafarroako Gobernua kalteen %100 ematera derrigortua baldin badago, hori ez da horrela izan Etxalarren kasuan". Horren arrazoiak zein diren argitzeko eskatu dio Gobernuari Etxarrik.