Errepide mozketak izanen dira aste honetan ere Endarlatsa eta Etxalar inguruetan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 1a

Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan ere zenbait egunez moztuko da N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.

Endarlatsa inguruan

Endarlatsa inguruan, errepidea erabat moztuko da asteartean, irailaren 2an, bi orduz, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, 68,500 eta 68,950 kilometroen artean. Horrez gain, ortzegunean, hilak 4, errepidea moztu eginen dute, bi orduz hau ere, 12:00etatik 14:00etara. 67 eta 67,200 kilometroen artean izanen da.

Etxalar parean astearte eta asteazkenean

Gisa berean, astearte eta asteazkenean, irailaren 2an eta 3an Etxalar eta errepideko 65. kilometroaren artean, mozketak eginen dira, 12:00etatik 13:00etara bitartean. 57 eta 59 kilometroen artean izanen da hori.

Arraiozen errotonda

Aipatzekoa da N-121B errepidean ere, Arraiozen, 45. kilometroan egiten ari diren errotonda baten lanengatik, lan orduetan txandakako bidea emanen dutela.

Txandakako pasabidea

Egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun