Kirol ekitaldi ugari izanen dira asteburuan Beran eta Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Jon Irazoki memoriala eta Agerrako krosa Beran, eta Emakumeen Futbol Kopa Lesakan

Herriko eta auzoko bestez gain, hainbat kirol ekitaldi izanen dira aste hondar honetan. Horien artean, larunbatean Beran zein Lesakan eginen direnak daude.

Beran, Jon Irazoki Memoriala eta Agerrako Krosa

Berako Matzada futbol-zelaian Jon Irazokiren omenez egiten den memoriala jokatuko da larunbat honetan. Aurtengoa XIII. edizioa da eta Bera, Baztan eta Doneztebeko talde nagusienek parte hartuko dute: Baztan, Doneztebe eta Gure Txokoa taldeek, alegia.
Lehen derbia 16:00etan hasiko da eta beratarrek doneztebarrak izanen dituzte aurrez aurre. Ordu bat beranduago Baztan eta Doneztebe ariko dira norgehiagokan. Saioa bukatzeko Gure Txokoa eta Baztan elkarren kontra arituko dira.
Partida guztien akabera, sariak banatuko dira eta Gure Txokoako egoitzan luntxa eskainiko zaie parte hartu duten jokalari guztiei.

Agerrako krosa ere larunbatean
Egun berean, baina lasterka ibiltzea nahiago dutenentzako, Agerrako Krosa eginen da, auzoko besten barne. Aurtengoa Luis Mari Apeztegiaren omenez egiten den XXVII. edizioa izanen da, Manttale Mendi Taldeak antolatuta. 18:00etan emanen zaio hasiera haurren kategoriari, eta ordu erdi beranduago gazte, senior eta beteranoen mailari.

Lesakako Emakumeen IV. Futbol Kopa

Lesakako Mastegi futbol-zelaia ere hainbat partidaren lekuko izanen da larunbatean, hilak 30. Lesakako Batzoki Elkarteak antolatuta, Emakumezkoen IV. Futbol Kopa jokatuko da. 17:00etan emanen zaie hasiera partidari eta talde hauek lehiatuko dira:
17:00etan Mariño-Lagunak
18:00etan Lagunak-Athletic
19:00etan Athletic-Mariño
20:00etan sari banaketa eginen da eta Jesus Senosiani omenaldia eskainiko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun