N-121A errepideko lanetan proiektuarekiko egiten ari diren aldaketak sakonekoak direla salatu du Aralarrek

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Lesakako Bereau Hotelean eman duen prentsaurrekoan, informazio eza leporatu dio Nafarroako Gobernuari

«Bera eta Sunbilla arteko N-121A errepideko lanetan, proiektuarekiko aldaketa sakonak egiten ari dira». Halaxe baieztatu du gaur Aralar alderdiak Lesakako Bereau Hotelean eman duen prentsaurrekoan. Halako aldaketak egiteko proiektua aldatu behar dela iritzio dio Aralarrek, eta ez dela halakorik egin kritikatu du. Hortaz, aldaketa horiek gelditzeko exijitu dio Nafarroako Gobernuari, eta lanekin segitu aitzinetik egin nahi duena publikoki adierazteko eskatu dio.

Informaziorik eza ere salatu du alderdiak, eta dakitena obretako langileen bidez jaso dutela. Nafarroako Gobernuak Bortzirietako bortz alkateekin iragarri zuen segimendurako batzordea «itxura hutsa» dela ere kritikatu du.

Tellegiko tunela eta Matxain etxea

Aralarrek aipatu dituen ustekabeko aldaketen artean, Tellegiko tunela eta Matxain etxea botatzea daude; eta errepideari lau metro guttiagoko altuera emateaz gain, trenabide zaharraren bidea guztiz desbideratu izana eta malda haundia sartu izana kritikatu ditu. Horrekin guztiarekin, Aralarren iritziz, lehendik kaltetuak ziren baserritar eta lur-jabeak «oraindik ere kaltetuagoak aterako dira».

Aldaketa horien gibelean, «aitzakia hutsak» daude alderdiaren hitzetan: «Lesakarako sarrera-irteerak malda handiegia zuela; Nabasturengo zentralak ez duela sarrera-irteerarik; zentralera ura daramaten hodiak moztu egin beharko direla...». Horiek guztiak aitzakiatzat jo ditu Aralarrek, eta gaineratu duenez, guztiaren gibelean, «kostu ekonomikoak murriztea eta enpresaren irabaziak handitzea dago». Argi utzi nahi izan du, «ez dela kasualitatea Bera-Sunbilla tartean izatea aldaketa hauek» eta «abuztuan egitea». Atzerapen handia du bide tarte honek, enpresaz ere aldatu behar izan da.

Berako sarrera-irteerarekin ere kezkatuak

N-121Ako obretan Berako saihesbidean ez da aldaketarik aurreikusi, eta hori dela eta, herrirako sarbide eta irteerekin ere kezkatua dagoela azaldu du: «Egun arriskutsua bada, behin errepide berria irekitakoan arrisku hori nabarmen handituko da, eta arazoa larriagotu». Argi eta garbi luzatu du eskaera: «urgentziaz moldaketa behar du saihesbideak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun