ttipi-ttapa Doneztebeko taldeak hamazazpigarren aldiz irabazi du Baztan-Errekako laxoa txapelketa. Abuztuaren 3an jokatu zen 29. edizio honetako finala Doneztebeko Bearzana pilota plazan eta Doneztebe A taldeak 9 eta 8 irabazi zion Irurita Bri. Azken emaitzak erakusten duenez, partida borrokatua eta berdindua izan zen, bi ordu eta laurden iraun zuen eta eguerdi partean 32 gradutan aritu ziren zortzi pilotariak. Doneztebe A talde txapeldunarekin Felipe Ganboa aritu zen sakelari eta berak lortu zuen, gainera, finaleko pilotari onenaren saria, Mikel Eizagirreren eskutik. Pello Iribarren aritu zen numero eta Jose Mari Antzizar eta Jesus Mari Zabala laurdenak. Irurita Brekin Joseba Urtasun aritu zen sakelari, Gorka Urtasun bere anaia numeroa eta Xabi Ripa eta Jesus Etxenike laurdenak.
Final gogoangarria
Bi taldeek maila ikaragarria eman zuten eta final gogoangarria eskaini zuten, «zoragarria» Laxoa Elkarteko Tiburtzio Arraztoaren erranetan. Partida gehienean baztandarrak izan ziren aitzinetik, 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4 eta 4-6koa arte. Baina etxekoek lau joku segidan egin zituzten eta 8-6 aitzindu ziren. Iruritarrek ez zuten azken solasa errana eta zortzina berdindu zuten. Dagoeneko bi orduz ari ziren jokoan, bero saparen azpian eta ikusleak bihotzekoa jotzeko punttuan eta azken jokua doneztebarren alde erori zen. Pena bakarra izan zuen finalak, bi taldeetako batek galdu egin behar zuela!
Pilotaren agintari eta ikerlariak sari banaketan
Sari banaketan, Dominique Botineu Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea, Jon Oiartzun Nafarroako Pilota Federazioko gerentea, Nafarroako Kutxako Fundazioko Javier Almandoz eta Pilotarien Batzarrako Jose Antonio Arroyo izan ziren. Horiez gain, Josetxo Iraundegi pilotazalea edo pelotamano Kanariar Uharteetako luzeko pilota jokua ikertzen duen Juan Manuel Hernandez Auta kazetaria izan ziren Bearzanan final handi hau ikusten.
Oitz A hirugarren
Abuzttuaren 2an jokatu zen hirugarren posturako lehian, Oitz Ak 9 eta 8 irabazi zion Irurita Ari.