Pilota Modalitate Zuzenen Nazioarteko Txapelketa jokatuko da asteburuan Baztanen

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Ekitaldiaren aurkezpena asteazkenean egin zen. TTIPI TTAPA

Eskualdeko pilotariez gain, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Lapurdi, Gipuzkoa eta Valentziakoek hartuko dute parte

Pilota Modalitate Zuzenen Nazioarteko Txapelketa deitu dutena jokatuko da asteburu honetan lehenbizikoz Baztanen, Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatuta. Kirol eredu zaharrenak izanagatik ere, ezezagunak dira eta horri bultzada eman nahian antolatu dute ekimena. Euskal Herriko pilotariez gain, Valentziatik etorritakoek ere parte hartuko dute, han ere ohitura haundia dagoelako modalitate hauetan jokatzeko.

Pilota partidak ortziralean, larunbatean eta igandean jokatuko dira. Gaur, ortzirala, Iruritako pilota plazan, 19:00etatik aitzinera, Laxoan arituko dira Baztan eta Malerrekako pilotariak.

Larunbatean, hilak 30, 18:00etan errebote modalitatean arituko dira Nafarroa Beherea eta Gipuzkoako taldeak. Elizondoko pilota plazan izanen da lehia. Ondotik, paxakan arituko dira Lapurdiko eta Nafarroako taldeak Elizondoko Antxitonea trinketean.

Valentziako Pilota Federazioak ere ekimenean parte hartu nahi izan du eta hala, igandean, Valentziatik etorritako pilotariek hartuko dute lekukoa. Nafarroako selekzioaren aurka lehiatuko dira. Ohiturari jarraiki, Angelusaren tenorean jokoa gelditu eginen dute, eta partida bukatu ondoren, ekitaldi berezia eginen da. Ekimena asteazkenean aurkeztu zuten Bertiz Partzuergo Turistikoaren bulegoan.

Azkenik, aipatu, jardunaldia Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatu badu ere, ideia Laxoa Elkartearena izan dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun