Bertze behin irabaziz gero Lamothen marka berdinduko du Etxegaraik

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Lehen saratarra Philippe Vacquie izan zen bederatzigarren postuan

Bertze garaipen bat baizik ez zaio falta Fernando Etxegarairi Ramuntxo Lamothek bost garaipenekin duen markara arribatzeko. Joan den igandean zortzi, beratarrak laugarren aldiz irabazi zuen Kontrabandisten Lasterketa, 40 minutu eta 16 segundoko denborarekin. Azken urte hauetan Etxegaraik ez du kontrakorik, eta azkeneko hirurak segidan irabazi ditu. Duela bi urte lasterketaren marka ere eskuratu zuen, 38 minutu eta 36 segundoko denborarekin.

Bosgarrena irabaztea gero eta zailago izanen du, bera eta bigarrenaren artean gero eta tarte ttikiagoa izaten delako. Aurten 20 segundora utzi du Patxi Iratzoki igantziarra. Horrek 40 minutu eta 36 segundo behar izan zituen 9 kilometroko itzulia bururatzeko. Azken urtean gero eta hobeki ibiltzen da Irazoki eta ez litzateke batere harritzekoa heldu den urteetan Etxegarairen lekukoa hartzea. Hirugarrena ere bortziritarra izan zen, Iñigo Lasaga etxalartarra, hain zuzen ere. Lehen saratarrari dagokionez, Philippe Vaquiek bederatzigarren postuan finitu zuen, 47 minutu eta 8 segundoko lana eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun