Mendialdeko usadioak ezagutzeko proposamenak turistentzat

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Gure lanbide eta usadioetan barrena, bidez bide izenarekin Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdeko kultura eta ohiko jarduera ezagutzeko egitasmo berria lantzen ari da udan eta udazkenean. Guztira sei txango proposatzen dituzte: Erronkari Ibarrean, Iratiko Pirinioetan, Nafarroako Pirinioaurrean, Aralar mendietan eta Ultzama Ibarrean, Bertizko Parke Naturalean eta inguruan eta Baztanen eta Urdazubi aldean. Azken bi horiek, hain zuzen, eskualdetik pasatzen dira. Lehenbizikoak Zubietako errota, Bertizko Natur Parkea, Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoa, Bertizko basoa, Donamariako Jauregia-Dorrea eta Leurtzako enbaltseak ezagutzea proposatzen du; bigarrenak, berriz, forja lantzen duen Arizkungo Zapata eskulangilea eta Zugarramurdi zein Urdazubiko leizeak bisitatzea proposatzen du, eta astia izanez gero, Elizondo eta Sara ikusteko gomendatzen du. Sei txangoen inguruko xehetasunak emanez 3.000 liburuxka argitaratu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun