Abuztuaren 9an herriko gazteen arteko herri kirol saioek eta gau hortan bertan izandako Jalisko Banden gaupasarekin eman zitzaien hasiera aurtengo bestei, nahiz eta hasiera ofiziala abuztuaren 10ean botatako txupinazoarekin egin zen. Aurten lehenengo txupinazoa botatzeko ohorea duela 25 urtetik herriko albintea den Juanjo Ibarrari eman zitzaion, 25 urte hauetan herrian egin duen lana eskertzeko.
Bezperan zein Santiburtzio Egunean herriko dantzari taldeak saio politak eskaini zituen bertze urte batez. Herri kirol saioak ere bere garrantzia izan dute aurten ere eta aitzurrarekin egurra mozteko modalitate berri bat ere ikusteko aukera izan genuen herriko zenbait mutil gazteren eskutik. Bestek iraun zuten sei egunetan lehiaketa franko ikusi eta horietan parte hartzeko aukera izan genuen.
Dagoeneko ohitura dira bestetan, mus txapelketa, aitzur eta zartain-jaurtiketa, toka txapelketa eta plater-tiroketa. Mus txapelketan Paxkual eta Tiburtzio Xibola izan ziren txapeldun, aitzur-jaurtiketa Daniel Bertizek irabazi zuen (bortzgarren urtez jarraian, –urte guzian aritzen ote da entrenatzen?–), zartain-jaurtiketa Edurne Urroz nagusitu zen eta toka txapelketan Iker Espelosinek lortu zuen lehen saria. Olegiko parajean jokatzen den plater-tiroketa Daniel Bertizek irabazi zuen eta Fernando Irazoki eta Aitor Apeztegiak lortu zuten bigarren eta hirugarren postua.
Lehen aldiz egin zen herri krosak izugarrizko arrakasta izan zuen, herriko jendeaz gain, kanpoko jende ugari ere etorri baitzen. Ttikienetan Koldo Herrerak irabazi zuen; bigarren taldean Aritz Bereau nagusitu zen; hirugarrenean Eneko Herrera; laugarrenean Fermin Estanga, eta helduetan Imanol Molinerok lortu zuen lehen postua. Jon Maritxalar eta Aitor Apeztegia sunbildarrak bigarren eta hirugarren helmugaratu ziren.
Eguraldi txarraren ondorioz azkeneko eguneko herri afaria eta ondorengo dantzaldia frontoian egin behar izan ziren. 200 lagun inguru bildu ziren herri afarian besteei amaiera emateko.
Ezin ukatu ekitaldiz betetako sei egunez gozatzeko aukera izan genuela eta guztietan irabazi nahiz parte hartu duten guztiei zorionak eman beharrean gaude. Baina horren guztiaren gainetik, egun horiek antolatzen pasatzen duen jendeari eskerrik asko: Udala, Ulibeltzak Elkartea, Antrotokiko Gazteak, Antzakaitz Kultur Taldea eta era batean edo bertzean laguntzen duten herritar eta kanpoko guztiak.