400 lagunetik goiti bildu zituen, ezustean, Ara Malikian biolin joleak

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Argazkia: GOIKO TTIPI TTAPA

Inork espero ez zuen arrakasta izan zuen herriko elizan eskaini zuen kontzertuak

Etxalarren guttitan gertatzen dena gertatu zen abuztuaren 8an. Elizako aldarea, musikari on bat eta biolin bat. Nahikoak izan ziren hiru elementu horiek ordu batzuez herria hankaz goiti uzteko. Donostiako Musika Hamabortzaldiaren barrenean, Ara Malikian Libanoko biolin jotzaile ezagunak (gutako guttik ezagutzen badugu ere, mundu mailako erreferente handia da gizon hau) sekulako kontzertua eskaini zuen. Eliza aspaldiko urteetan ez da hainbertze bete. Jendeak ilara egin behar izan zuen sartzeko. Apaiza bera ere harritua zegoen. Bekolanda auzoa beteta, Larrabururaino pilatu ziren autoak bide bazterrean. 20:00etan hasita, ordu bat eta erdiko kontzertua eskaini zuen Ara Malikianek bere taldearekin batera. Amaia Zubiriak egin zituen aurkezpen lanak eta abesti bat ere eskaini zuen. Kontzertua ikusgarria izan zen. Biolinaz aunitz ulertzen ez dutenak ere harrituta gelditu ziren. Bertara bildutako guztiak aho-zabalik utzi zituen Libanoko musikariak. Kontzertua eskaini, eta etorri bezala joan zen. Udaletxetik balorazio positiboa egin dute, «horrelako ekitaldiak onak baitira herriarentzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun