Urteak pasatu dira Iturengo joaldunak Euskal Herrian eta kanpoan barna joareak jotzen ibiltzen hasi zirenetik. Hain zuzen, ateraldi haietako batean sortu zen aurten 25 urte beteko dituen Joaldunen Eguna egiteko ideia. «Joareekin Zarautzera joanak ginen batean, joaldunen besta bat egin behar genuela gogotu zitzaigun, joaldun zahar guztiei omenaldi gisako bat eskaintzeko». Halaxe azaldu digu Jabier Bereau Iturengo joaldunak. Eta gogotu eta egin. Geroztik 25 urte pasatu dira, eta mende laurdena modu berezi batean ospatze aldera, besta haundia iragarri dute irailaren 13rako. Jatorriz espiritu txarrak eta izurriteak uxatzeko erritoa zena, gaur egun, iturendar, aurtiztar eta zubietarren kulturaren zati garrantzitsu bihurtua da. Gainera, urteekin gero eta indar haundiagoa hartzen ari da. Hala, gaur egun, Euskal Herrian nahiz kanpoan ezagunak dira azpiko gona zuria, gerrikoa eta ardi larrua soinean, ttuntturrua buruan, isipua eskuineko eskuan, zapi gorria lepoan eta nola ez, joareak bizkarrean daramatzaten pertsonaiak. Joaldunak dira.
Doinu berezia duen besta izanen da Iturenen heldu den irailaren 13an: Joaldunen Eguna. Herritarrentzat egun haundia, dudarik gabe, eta kanpoko bisitarientzako ikuskizuna. Duela 25 urte egin zen lehenbizikoz joaldun zaharren omenezko besta, 1983an. Urte hartan joaldun zaharrak bildu ziren batez ere. 25 urte inguru edukiko zituen orduan Jabier Bereau iturendarrak eta ongi gogoan du egun hura: «14-16 bat joaldun elkartu ginen orduan, eta orain normalean 20tik goiti elkartzen gara. Halere aurten gehiago biltzeko asmoa dugu, zahar zein gazte. Ea 40ra ailegatzen garen». Aurten gehiago, aldi honetakoa berezia baita. Lehendabiziko Joaldunen Eguna egin zenean bestari eustea pentsatu zuten, «urtean egun aunitz izaten direlako joareak jo gabe eta ohitura mantentzeko aukera ona delako. Afizio haundiagoa sortzen da». Horren adibide, gaur egun herriko gazte gehienak joaldunak dira.
Lehenbiziko urteetan besta hau joaldunek antolatzen bazuten ere, Ibintza Kultur Taldearen sorrerarekin, honek hartu zuen lekukoa, eta orain bera da antolatzailea. Aurtengo bestaren antolaketan Ibintza Kultur Taldea, Joaldunen Elkartea eta Inauterietako Batzordea ibili dira. Normalean Iturengo bestak pasatu ondotik ekiten diote Joaldunen Eguna prestatzeari, baina aurten, «egun haundiagoa egin nahi dugunez», dio Bereauk, ekain aldera egin zituzten lehen bilerak. Irailaren 13rako astebete eta egun batzuen faltan, dagoeneko eguneko egitaraua lotu dute: goizean Amezti auzoan baserriz baserri ibili ondotik eguerdian herrira itzuliko dira han bueltaka ibiliko diren joaldun zaharrekin biltzeko. Artisau eta eskulangileen azoka eta herri kirol saioa ere izanen dira egun horretan. Bertsolariak ere han izanen dira, eta herri bazkaria hurrengo hitzordua. Aurten karpa batean, jende aunitz bilduko delako. Bestari segida emateko dantzaldia.
Urteko hitzordurik haundiena inauterietan
Joaldunen Egunaz gain, inauterietan eta Errege Egunaren bezperan izaten dituzte Iturengo joaldunek urteko hitzorduak. Aspaldiko ohiturak dira horiek ere, baina guztien gainetik inauteriak nabarmendu dizkigu Jabier Bereauk: «oinarrian inauteriak daude, besta haundiak dira eta guretzat garrantzitsuenak. Hor ez dugu hutsik egiten». Izan ere, Joaldunen Eguna eta Errege bezperakoa gerora sortutako ohiturak dira. Baina hauek ere euren xarma dute.
Urtarrilaren 5ean, arratsaldean, joaldun gaztetxoen txanda izaten da eta gauen, berriz, helduena. Gutti goitibeheiti inauterietako itzulia egiten dute: inauterietako astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatzen dira. Aurtiztik pasatu eta bertako joaldunekin elkartu ondotik Iturengoekin bat egiten dute. Iturengo herriari itzulia emandakoan akitzen da asteleheneko hitzordua. Asteartearekin, berriz, alderantziz. Iturengo joaldunak Zubietara joaten dira, eta bidean Aurtizkoekin elkartu eta elkarrekin egiten dute Zubietarako bidea.
AEBak helburu
Euskal Herria, Paris, Granollers (Bartzelona), Alcoi (Alacant), Paris, Kanariar Uharteak... Ez dira ez bat ez bi Iturengo joaldunek dagoeneko bisitu dituzten txokoak. «Gure kultura kanpoan ezagutaraztea hagitz garrantzitsua» dela iritzita, oraindik ere joareak bizkarrean batera eta bertzera ibiltzeko asmoa dute. Momentuan begiz jota duten tokia Amerikako Estatu Batuak (AEB) dira. Kaliforniara Euskal Bestaren batera joan nahiko lukete.
Egitaraua
Irailaren 13a, egun berezia izatea nahi dute Iturenen eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute Ibintza Kultur Taldeak, Joaldunen Elkarteak eta Inauterietako Batzordeak
elkarlanean.
Goiz-goizetik somatuko mugimendua herrian eta herri bazterretan:
- Goizean joaldunak eta trikitilariak baserriz-baserri eta herrian ibiliko dira.
- 13:30ean herritarren arteko aizkora apustua:
Latxane eta Errotzaine,
A. Erregerena eta R. Untxaloren aurka.
- Segidan bertsolariak.
- 15:00etan herri bazkaria Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariekin.
- Ondotik dantzaldia Mikel Salaberri musikariarekin.
- 00:30etik aurrera dantzaldia eta gaupasa Joselu Anaiak taldearekin.