• Euskara Kultur Elkargoak
antolatuta, bortzgarren mahai monografikoan Eliza eta Euskara izan ziren aztergai ekainean.
• Eliza katolikoaren ikuspuntutik euskarak Nafarroan duen egoera aztertzeko txostena aurkeztu zuten orduan Iruñean. Ikerlari, apaiz eta filologoek egindako lana da, eta tartean dago Jesus Goldaraz filologo eta apaiza.
• Euskara eta euskalduna izatea beretzat zer den azaltzeaz gain, kezkatua dagoela adierazi digu euskarak gizartean eta Elizan duen egoera zein den ikusita.
Zer da zuretzat euskara?
Euskara altxor preziatua da. Hizkuntza zaharra izaki, herentzia bat da, gure herriarentzat ohorea. Beraz, denon ardura da hori baloratzea, estimatzea, zaintzea, erabiltzea eta ezagutaraztea. Gure esku dago, gainera, ondorengo belaunaldiei transmititzea, modu bizi, sakon, eroso eta normalizatuan. Hizkuntza bat hizkuntza komunitate bat da, hiztunen komunitatea. Gizabanakoen hizkuntzak baino ez dira existitzen eta gure kasuan, gu gara, euskaldunak, euskaldun komunitatea. Hizkuntza da komunitatea sortzen duena, eta gure herriaren izenean argi dago herria eta hizkuntzaren arteko sinbiosi hori: Euskal (euskaradun) Herria.
Nola ikusten duzu euskara?
Euskara blokeatuta dago bi hizkuntza dominatzaileen ezarpena dela eta, horiek baitira Euskal Herria lotuta daukaten lurralde politikoko bi hizkuntza ofizialak. Gaztelaniarekin eta frantsesarekin alderatuz, euskara senide pobrea da, bertze biek pobretu eta baztertu dutelako bere eremu linguistikoan. Baina hizkuntzalaritzan, hizkuntza bat ez da gainerakoak baino gehiago edo guttiago, ezta hobea edo txarragoa ere.
Nola lotzen dituzu Eliza eta euskara?
Adibide bat emate aldera, euskaldunarentzat ez dira gauza bera Dios eta Jaungoikoa, ez dituzte konnotazio berak. Bere baitan, ondorioak eta sentsazioak desberdinak dira. Hortaz, ezin da onartu Elizako zenbait girotan erabilia den argudio hau, silogismoa dena: «garrantzitsuena denei mezua ailegatzea da, guztiengana ahalik eta argien irits dadila; guztiek gaztelania ulertzen dutenez, mezua ulergarria denez hizkuntza horretan, adieraz diezaiegun mezua hizkuntza horretan». Euskara komunikaziorako instrumentu soil bezala erabiliz, oinarrizko bertze alde batzuk kontuan hartu gabe, dudarik ez dago euskara baztertu egiten dela. Euskara, ordea, mezu bat transmititzeko instrumentua izateaz gain, euskara bera mezua da. Edukia berdina izanagatik ere, niri ez zait mezu bera iristen euskaraz edo gaztelaniaz entzun edo irakurrita. Euskaraz irakurri edo entzutean, euskalduna naizela onartzen dutela ikusten dut, eta beraz, errespetatzen nautela. Jesusen ebanjelioko mezu nagusia Jaungoikoa Maitasuna dela bada, euskaldun kontzienteak ez du hori sinistuko mezu hori ez bazaio euskaraz adierazten. Sinistun horri ez zaio behar bezala erantzuten Jaungoikoak euskaldunak ere maite dituela bertze hizkuntza batean erranez gero. Euskara bertze hizkuntzen mailan onartu behar da, herri honen nortasunaren adierazle, eta bertze herrien errespetuaren ikur.
Zein da euskararen egoera Elizan?
Gizartean euskararen egoera kezkagarria da, eta horrek arduratu egiten nau. Baina Elizan, kezkatzeaz gain, min egiten dit. Behartsuen alde egitea baldin bada lehentasuna, gure Eliza urruti dago euskara hala kontsideratzetik, eta beraz, euskara indar utopikoa, komunitatearen sortzailea, kontsideratzetik.