Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak Nafarroako Gazteria Institutuaren bitartez, unibertsitateko titulua dutenentzako bortz beka emateko deialdia zabaldu du, Nafarroako Gazteriaren Institutuan lan egiteko.
Unibertsitateko ikasketak egin eta titulua duten diplomatu eta lizentziatuei dago bideratua eskaintza, ikasketak azken hiru urteotan bukatu dituztenei, hain zuzen. Deialdiari buruzko informazio gehiago Nafarroako Aldizkari Ofizialean (98. Zenbakia) edo www.juventud.navarra.es web orrian jaso daiteke. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 10ean bukatuko da.
Bortz beka
Bortz beka horietatik bat Soziologia ikasi dutenentzako izanen da; bertzea Ekonomia eta Enpresaritza ikasketak ikasketak egin dituztenentzat; hirugarrena Zuzenbidean lizentziatuak direnentzat; hurrengoa KOmunikazioan lizentziatuak direnentzat eta azkena Lan Harremanak, Irakaskuntza edo Gizarte Lanean diplomatuak direnentzat.
Beka guztiak urtebeteko iraupena izanen dute, eta lizentziatuek hilean 1.050 euro kobratuko dituzte; diplomatuek, berriz, hilean 850 euro. Astean gehienez ere 30 orduz egin beharko dute lan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egoitzan, Iruñean.