Telefono finkoa duten Telefonicaren erabiltzaileek 0,58 euro gehiago ordaindu beharko dute hilabetean urriaren 1etik aitzinera. Telefono deiak identifikatzearen truke hasiko da kobratzen Telefonica, eta honek, noski, kontsumitzaileen artean haserrea eragin du.
Uztailaren 10ean zerbitzu pakete bat kontratatua ez zuten bezeroei identifikazio zerbitzua kobratzen hasi zen telefonia konpainia, hau da, ADSL edo tarifa jakinik kontratratatua ez zutenei. Urritik aitzinera, ordea, bere sei milioi erabiltzaileei pasatuko die faktura. Telefonica automatikoki hasiko da kobratzen zerbitzu hau, eta interesatua ez dagoenak berak jakinarazi beharko dio Telefonicari, 1004 telefonora deituz.
1999an paratu zuen martxan Telefonicak identifikazio zerbitzua, baina 2001ean dohainik jarri zuen. Zazpi urte beranduago, ordea, konpainiak erran duenez, hura “promozio” bat zen, eta “berandu baino lehen eskaintza horrek bertan behera gelditu behar zuen”.
Kontsumitzaileak haserre
Telefonicaren erabakiak kontsumitzaileak haserrarazi ditu. Facua kontsumitzaileen elkarteak, erraterako, salaketa paratuko duela iragarri du, “legez kanpokoa” delako.