Ander Erasun aurtiztarra eta Asier Pellejero aresoarra urriaren 19an Altsasun jokatuko den II. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finalean izanen dira. Joan den larunbatean, abuztuak 23, jokatuko zen txapelketako lehenbiziko kanporaketa Gorritin, eta Erasunek egin zuen denborarik onena (08:50). Bigarrena Pellejero izan zen, 44 segundora.
13 aizkolari lehiatu ziren lehenbiziko kanporaketan, hiru txandatan banatuta. Lehen txandan bortz aikolari aritu ziren: Erasun, Pellejero, Xabier Zaldua, Jon Aizpuru eta Alex Txikon. Lehen txanda horretako denborak izan ziren eguneko onenak.
Bigarren txandan Ugaitz Mugertza, Ramiro Llanos, David Amillano eta Iñaki Agirre lehiatu ziren, eta Mugertzak egin zuen txandako denborarik onena. Hirugarrenean, berriz, Joxefelix Zubizarreta, Urtzi Olasagasti, Xabier Aranburu eta Xanti Olano leitzarra airtu ziren. Leitzarrak 13:48ko denbora egin zuen, eta ez zuen finalerako txartelik lortu. Sailkapen nagusian hamargarren gelditu zen.
Bigarren kanporaketa irailaren 14an Lantzen
Txapelketako bigarren kanporaketa irailaren 14an jokatuko da Lantzen. Han lehiatuko diren 13 aizkolariak hauek izanen dira: Mikel Melauntzaran, Joxemari Esnaola, Aratz Mugertza, Jokin Alkizalete, Xabier Alkizalete, Goizeder Beltza, Julen Kañamares, Sergio Mandacen, Xabier Ariztegi, Juan Telletxea, Anjel Eraso, Xabier Garitaonandia eta Aitzol Atutxa.
Hirugarren kanporaketa irailaren 28an Urrotzen
Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Urrotzen jokatuko da Sanmigel besten barne, irailaren 28an. Han 12 aizkolari ariko dira lanean: Unai Aldape, Julen Mendieta, Xabier Dorronsoro, Mikel Matxinandiarena, Jexux Oiarbide, Patxi Mindegia, Raul Castro, Esteban Pikabea, Jexux Etxeberria, Juanjo Erdozia, Juan Carlos Perez de Onraita eta Arkaitz Jauregi. Txanda bakoitzetik bi aizkolarik lortuko dute urrian 19ko finalerako sailkatzea.